Arima zaurituaren bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2016ko api. 18a, 17:13

Agur. Aurreko egunean, ostatuan, ezagun batek gonbidatu ninduen. Alkohol gehiago behar ez zuen arren, berak ere garagardo bat eskatu zuen; aitortu zidan ez zuela gehiago edan behar izandako arazo psikiatrikoengatik botika hartzen baitu. Kontatu zizkidan bere emaztearekin izandako gorabeherak: lehen auzokide guztiok emaztearen maitale izatearen susmagarri gintuen.  "Baita zu ere" erran zidan.

Egun batean, bere emazteak onartu zionez norekin ibili zen gizona behera etorri zen. Depresio sakona pairatu, psikiatrikoa, anitz hilabeteko tratamendua... Bikotekidea zuen bizitzaren erdigunean eta, kalte egin zionez, hutsik sentitu omen zen. Geroztik, tratamenduaren elkarrizketetan, ikasi bide du bizitza dela geuk egiten duguna, arima zauritua izanik ere.

Hitz horiek gogoan izan nituen atzo sagardotegirako bidean. Lagun batek bidaia luzea eginen duenez, bertze batek bere inbidia aitortu zion. Garrantzia kentzeagatik edo, bidaia egin behar duenak erantzun zion ez dela bere bidaiarik kuttunena izanen.

Zenbaitetan, bidaia horiek errutinetatik ihes egiteko bertze ohikeriak begitandu zaizkit. Egunerokoan bizitzen duguna ez da ohiko ikuskizuna, baizik eta bizitzaren aurrean garena. Benetako bidaia geure baitan dago, noiznahi eta nonahi; eta hori ikasi eta bizi ezean, gainerako bidaiak ohikeria eta lekualdatze hutsak bihurtzeko arriskua dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!