Agur. Zenbaitetan bururatu zait dagokidan denboratik at nagoela, edota bizi behar dudan espazio-denboran ez nabilela. Egia aitortzeko, otsailaren 29an zerbait kontatzea lau urte iragan arte berriro gertatuko ez den bitxikeria bertzerik ez da. Halere, joan diren asteotan neure buruari galdegin diot irakasle aritzeko oposizioen inguruko eztabaida XXI. mendekoa ote den.
Nola liteke merituak baloratzeko oposizio publikoetan ezagutza gutxiago dutenendako plazak gordetzea? Gainera, sindikatu eta alderdi politiko baten bateko ordezkariak hor dabiltza, harro-harro, egindakoa arlo publikorako lorpen handia bailitzan.
Horrelakoetan, "Marmotaren eguna" edo "Denboran harrapatua" izenburuko pelikulan bezala sentitzen naiz. Film horretan Bill Murray aktoreak bikain erakusten du zein esperientzia bitxia den behin eta berriz gertaera berak bizitzea.
Atzo ere, denboratik at sentitu nintzen une batzuetan, baina sentsazio ederra izan zen; Demode Quartet laukotea entzutera joan nintzen Berriozarko Entzunaretora. Zorroka Euskara Taldeak antolatu zuen kontzertua eta aretoa jendez bete zen. Ahozko harmonia haiek aditzean espazio-denboraren uhinetan sentitu nintzen. Batzuek hainbertze gutxiesten duten hizkuntzan gozatu nuen denboratik kanpoko sentipen zoragarri hura.