Agur. Nire irudiko, arras interesgarriak dira pertsona isilak. Maiz, pertsona horiek mintzatzean mezua edukiz betetzen ahalegintzen dira, eta ez pentsa horregatik grazia eta etorri handirik ez dutenik. Hori bera dakarkizut, entzule, gaurko saioaren oinarri: hitzaren kontzeptua bera.
Gizakiak hitz egiten du eta hitzak berak ere, neurri batean, gizaki egiten gaitu. Hitzaren baitan gizakiaren beraren funtsa dago: euskal etimologian hitz eta izan kontzeptuak estu lotuak baitaude. Euskal erranairu zaharrak dioenez "gizakiari hitzetik eta idiari adarretatik". Izan ere, norbanakoaren izaera ezagutzen bere hitzak eta ekintzak aztertuz lortuko dugu errazen. Era negatiboan ere formulatu ahal da; ez al da isil (iz/hil) izatea hiltzea?
Diotenez, garaitan, ospe handikoa zen euskaldunon hitzaren garrantzia: hitz emana, zor. Bete beharreko konpromiso izateaz gain, hitza, gogotik mihira zuzen bideratzea balio handiko altxorra da. Jakina, gogotik mihira ezin zakar eraman, zeren hitza eztiago eta eragina handiago izan ohi da. Azken arriskua zera da: ele ederregiak egitea zeren bertze erranairu batek dioen gisara: hitz ederrak haizeak eraman!
Axularrek zioen bezala "hitz alfer guziez eman behar da kontu". Beraz, horratx nire ahalegina, entzule: alferreko hitzik gabe, gogotik mihirako ele eztizko irrintzia ekartzea zuri.