Agur. Sistemaren aldeko hedabideetan aditu dut Parisen, klimaren inguruko goi-bilera bukatu bezain laster, pozik dabiltzala. Asteburuan, munduko kutsatzaile handienen neurriko akordioa erdietsi ondoren, eskuina eta zentro-eskuina gailendu omen da Frantziako hauteskundeetan. Komunikabide horietan entzun dudanaren arabera, horixe zen zentzuzkoena ultra-eskuindarrek botererik ez lortzeko.
Gauza bera adierazi zuten duela gutti Venezuelako eta Argentinako hauteskundeez, eta duela ez hain aspaldi Turkiakoei buruz. Ene aburuz, sistemaren aldeko hedabideak maisu dira komeni zaien errealitatea eratzen, ikusarazten eta sinestarazten. Haien mezua argi eta garbi dago: eskuinari edota zentro-eskuinari eman behar zaio botua, bertzenaz gure bizimodua makurragoa izanen da eta mixeria gorrian geldituko gara. Beraz, haien mezuaren funtsa jendea beldurtzea da.
Espainiar estatuan ere, sarri izanen dira hauteskundeak; komunikabideotan ageri diren inkesta gehienetan eskuina eta zentro-eskuina izanen dira garaile. Irabazi behar omen duten alderdi horien anitz proposamenari erreparatuz gero, berriz, nornahik galdetzen ahal dio bere buruari non dauden demokraziaren oinarriak; zertan gelditu diren berdintasuna, anaitasuna eta askatasuna.
Berdintasuna multinazionalen komenigarritasunaren arabera moldatzen da; anaitasuna lehiakortasunari komeni zaion hezkuntza ereduaren mendean dago; eta askatasuna boteretsuei interesatzen zaien segurtasunaren itzal meharra baizik ez da.
Egungo jendarteak duen erantzukizun politiko-sozialaz jabetu ezean, gero eta makurrago ibiliko gara: anitz aspertu arren, etika eta politika inoiz baino gehiago behar ditugu.