Agur. Aspaldian ipuin ederra kontatu zidaten hezkuntzaz eta askatasunaz hausnartzeko. Istorio ezagun samarra den arren, honatx ekarri dut norbaitek adituko ez zuelakoan.
Nafarroako mendialdeko baserri batean bizi zen txita hura. Oilategiko hegazti guzien aldean ttipiago eta arreago zen. Baserritarrak egunero apurrak botatzen zizkien jateko: otorduan oilasko eta oilanda gehienek zapaltzen zuten txikitxoa. Doi-doi erdiesten zuen zerbait jatea.
Baserritarra, konturaturik, oilategiaren ondoko kaiola handi batean jarri zuen hegazti ttipia. Oilar, oilo, oilasko eta oilanden lehiarik gabe, txita hazten hasi zen.
Handik gutxira, gizonak, bertze oilategi batera eraman zuen. Oilategi hura hutsik zegoen eta zuhaitz bat zeukan alde batean. Janaria ekartzen ziolarik baserritarrak hegaztia hartu eta zuhaitzaren adarretan paratzen zuen. Hala, hegalak astindurik, hegaztia polikiago jausten zen janariaren bila, zuhaitzaren adarrak luma txikiz beteta utzirik.
Egun batean, ordea, baserritarrak hegaztia hartu eta etxearen gibeleko aitz batera igo zuen. Bertzaldean, labar sakona zegoen. Amildegi hartatik haran berde ederra ikusten zen.
Hurrengo egunean, gizonak trapu batzuk jarri zituen besoan eta, bertan, hegaztia paratu. Amildegira heltzean, baserritarrak besoa gogor astindu eta hegaztia labarrean bota zuen. Orduan, beheko haran ederreko auzoek ikusi ahal izan zuten arrano beltzaren lehendabiziko hegaldia.