Uda. 34, 35, 36 gradu, eta batzuetan hortik gora. Beroa izan ohi da uda Iruñean. Iruñean ere. Batez ere Iruñean. Beste aukerarik ez, eta plisti-plasta, igerilekua izaten da plana. Zer-non-nola bestela. Umetako oroitzapenak igerilekuetan bustitzen dira, gainera. Iruñeko herritar guztiek, auzoan, oinez bertaratzeko moduan, igerileku publiko bat behar lukete eskura. Udako beroa freskatzeak kapritxo bat ez eta eskubidea behar luke. Arrosadian, zorionez, badugu aukera. Hobetzeko asko dagoen arren, auzoan badira harrotzen gaituzten gaiak ere. Tartean igerilekuen kontua. Gelbentzu eta Larrabide. Justu-justu, estu-estu, baina kabitzen gara bietan. Bietan justu-justu, estu-estu, kabitzen direnak nekez kabituko dira, ordea, batean. Auzoa mugitzen ari da. Auzoak asmatu du zer-non-nola esan. Osasun arduradunen eskuetan omen dago gaia. Kontua ez da erabakia hartzea, kontua erabakirik hartu beharrik ez izateko egin beharrekoak egitea da. Eta lehenbailehen. Aurten uda aspaldi hasi baita berotzen.