Batzuetan irrintziak ozen entzuteko isiltzea komeni da. Albisteei goi eta behe begiratu diet, zizta zeri egin erabakitzeko, baina ikasturteko azkena Palestinari eskaintzeko, barruak ez dit besterik eskatzen. Aurten hizki larriz, hain zuzen ere hizki larriz, izen bat azpimarratu beharko banu hori Palestina da. Badatoz Europarako hauteskundeak. Bizitzaren alde, zeren alde bozkatuko dugu bestela?
Batzuetan irrintziak ozen entzuteko isiltzea komeni da. Gustura isilduko nintzateke oraintxe minutu batez palestinarren alde, genozidioaren aurka. Irratian minutu bat isilik. Zulo bat ezerezari. Baina isildu eta handik bost segundora bakarren batek irratia piztuz gero, ez du jakingo, ez du ulertuko, ez du ondorioztatuko Irati zergatik ari den negarrez. Zergatik dagoen haserre. Eta horrelakoetan isiltasuna bidegabekeriaren konplize bihurtzen da. Badira ozen oihukatu beharrekoak. Hau bat: Palestina. Begi guztiek behar lukete hor. Gizatasunak. Duintasunak.
Mundua geratu dute Palestinan, baina mundua ez da geratzen Palestinagatik. Behin geratu zitzaigun mundua halabeharrez. Hala behar luke munduak oraintxe Palestinagatik. Geldirik.
Batzuetan irrintziak ozen entzuteko isiltzea komeni da. Ikasturtea horrela bukatuko dut: isilik. Palestinagatik