Bekatariak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2024ko api. 16a, 17:36

Hitzak hitz dira. Puxiken antzera puztu-puztu-puztu egiten baditugu hitzak ere lehertu egiten dira eta zipriztinak muturraren bueltan plast! itsasten zaizkio hitzak puxika bihurtzen dituenari. "Txst! Hori ez da esan behar!", "Txst, hori hitz itsusia da", "Txst mingain zikin hori!" eta antzekoak entzunez hazi ginen eta antzekoak esanez ari gara gure ondorengoak hazten. Gilipollas, idiota, putakume, kabroia eta gainerakoak oso presente zeuden eta dauden garaietan hazi eta hezi gara. Hitzak hitz dira, huts; tonua, doinua, ahoskera jartzen diegun arte. Iraina hitzaren baitan baino hitzak atzetik izan ditzakeen harridura ikurretan bizi da. Amorrua botakaka kanporatzea gorrotoa zabaltzea da; horrek ez dakar ezer onik.

Ez dakit Maria Chiviteri Parlamentuko bisita-liburuxkan idatzi dizkiotenek zenbat harridura ikur dituzten atzetik; amorrutik, gorrototik edo umekeritik idatziak dauden. Unibertsitate garaian jasoko dute zigorra. Irainka aritzeagatik. Txistea dirudi. Pertsona horiek nor izan dute inguruan orain artean? Damutu eta barkamena eskatu dute. Txistea dirudi. Egin eta barkamena eskatu ia biak bat. Bakarren batek salbatuko ditu eta bekatutik. Txistea dirudi. Unibertsitate garaian.
Gaizki ez hitz egiten baino ondo hitz egiten irakatsi beharko genieke ingurukoei. Barkamenik eskatu beharrik ez izaten. Txiki-txikitatik. Eredu izanda. 

Irati Goikoetxea Asurabarrena
2024-4-16

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!