Julia, Dora, Aurora, Julia, Mª Luisa, Josefina, Nemesia, Ramona, Matilde eta Mª Carmen. Beren bi izen-abizenekin. Duela hiru urte Iruñeko udalari eskaera egin eta egunotan bideratu dute. Txantreako zazpi kale eta hiru plazari hizki larriz jarri diete izena: Julia, Dora, Aurora, Julia, Mª Luisa, Josefina, Nemesia, Ramona, Matilde eta Mª Carmen. Beren bi izen-abizenekin. Memoria egitea zer den. Haurrak jolasten diren plazetan, gaztetxoek hitzordua egiten duten kaleetan, laguna bizi den karrikan, parke eta jolastokietan memoriak oihartzun egitea. Izenak berbalizatzea izanak ikasteko modurik eraginkorrena da. Eta ederrena. Orain Julia, Dora, Aurora, Julia, Mª Luisa, Josefina, Nemesia, Ramona, Matilde eta Mª Carmen iraganarenak bakarrik ez etorkizunarenak ere badira. Galdetu, galdetu gazteok, nor ziren, zer egin zuten eta zer egin zieten. Galdetu, entzun, hausnartu eta atera ondorioak. Memoria izateko bai, baina, batez ere, memoria egiteko moduak behar ditugu. Eta hau horietako bat da.
Gure semea Tomás Caballero parkean jolasten da. Lagunartean oso barneratua dute "Goazen Tomás Caballerora". Izena izana dela ulertuta, gaztetxoek galdetu egiten dute. Oso modu natural eta beharrezkoan hitz egin izan dugu Tomás Caballeroz. Parkean. Parketik. Memoriak bidea egingo badu, horrela egingo du batez ere. Zein garrantzitsua den memoriari tokia egitea bai, baina, batez ere, memoria toki duin izatea.
Galdetu, galdetu gazteok, eta gazte ez zaretenok, Julia, Dora, Aurora, Julia, Mª Luisa, Josefina, Nemesia, Ramona, Matilde eta Mª Carmen nor ziren, zer egin zuten eta zer egin zieten. Bizi memoria. Memoria biziarazteko baita. Eta ez bigarrenez hiltzen uzteko.