Ba, bai, kantatzeko modukoa da, Jagoba Arrasate lerelerelere. Bai, mikrofono aurrean, non eta Riaden, non eta Arabia Saudin, non eta nazioarteko kazetarien aurrean, non eta kazetari euskaldun batek galdera gaztelaniaz egin zion prentsa aretoan, euskaraz erantzuteagatik, Jagoba Arrasate lerelerelere. Baina, batez ere, egin zuen hura naturaltasunez egin zuelako, euskara maite eta bizi duela nabari zaio Jagobari, euskara borroka duen edo ez, ez dakit, euskara maite eta batez ere bizi duela antzeman egiten zaio. Pentsatu eta egin baino, sentitu eta egin egiten du. Eta horrela hizkuntzak korrika ez, hegan egiten du. Galdera da zergatik emozionatzen garen horrenbeste Jagobaren erantzunaren bideoa ikusita. Eta zergatik kontzentratzen ditugun indarrak emozio horretan.
Euskaldun asko joaten da Cádizera oporretan. Euskal Herriak maite du Cádiz. Azken bi egunotan are gehiago. Cadizko haur koadrila batek, inauteriak tarteko, hizkuntzen balioari egin dio aldarri, baita euskarari ere, euskaraz. Bihotzak entzuten asmatuz gero... diote. Eta guk txalo, nola ez, txalo egiteko modukoa da. Nabari zaie esaten ari direna ondo ulertuta esaten ari direla. Bakarren batek egin du lana. Txalo horregatik batez ere. Galdera da zergatik emozionatzen garen horrenbeste Cadizko haurren inauteri bideoa ikusita. Eta zergatik kontzentratzen ditugun indarrak emozio horretan.
Emozionatzea bizitzaren alderdirik ederrenetakoa da. Besteek egiten dutenagatik emozionatzea zoragarria da. Norberak egiten dituenengatik emozionatzea ikaragarria.