Araitz bailarakoa nuen aitona. Atallukoa zen aitona Patxi. Naparra. Zumarraga industrializatura bizitzera joan eta euskaraz egiteari utzi ez ziona. Iruñekoa da semea. Naparra. Sei urterekin dentistarengana joan eta euskaraz egiten diolako zoriontsu sentitzen dena. Bikotea Buñuelgoa. Naparra. Euskararen arrastorik izan ez eta sei urte eskasean C1 titulua atera eta familia etxe-giro euskaldunean hazten ari dena. Ez ditut inongo marra zatitzaileren goi-behe-ezker-eskuinean ikusten; naparrak dira hirurak, euskaldunak, euskara dutenak, euskaraz eta euskararekin gozatzen dutenak. Mañerukoa da Beñat. Duela hamar urte Zizur Nagusiko institutuan ikasle izan nuen gazte jator bat. Bere irribarreaz oroitzen naiz; gogoan dut nigana beti euskaraz hurbiltzen zela.
Gaurko irrintzia honetantxe utzi beharko nuke. Beste ezer aipatu gabe, uste dut ulertu-ulertu, denek ulertzen dutela lau adibide erreal horiekin esan nahi dudana. Denek. Goikoek-behekoek-ezkerrekoek eta eskuinekoek. Nork, nola eta zegatik ukatu errealitate hori?
Beste kontu bat da kaka nahastu nahi izatea, politika egitea ere ez bainioke deituko horri. Bozkak, interesa, UPN, 86ko legea, administrazioa, lan-
postuak, PSN, Zizur Txiki, Geroa Bai, Parlamentua, erregelak marraztu zuena, Bildu, fobiak, filiak eta zakurraren putza.
Irati Goikoetxea Asurabarrena