Tortura

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2023ko urt. 17a, 17:21


Izendatu ezean, ez da. Egon badago, existitu existitzen da, baina izendatu ezean, nekez ikusten da. Eta ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoenez... Alferrik betaurrekoak janztea nora begiratu ez dakigunean. Bai, minari begietara begiratu behar zaio; minari bakea deklaratu behar zaio gure barrunbeetan gerra eragingo badu ere. Mina aztertu egin behar da, mina hitz egin behar da. Minari ondorioak eta konpromisoa zor dizkiogu.

Astebete IVAC-ek Nafarroako Gobernuari 79az geroztikako tortura kasuen inguruko informea aurkeztu ziola. Tortura. Giza Eskubideen urraketa larria, oso larria. Informe hau 2017an aurkeztu zen beste baten jarraipena da. 1.068 kasu Nafarroan 1960tik. Bat izan balitz ere. Baina urraketa ohikotzeak, indarkeria tresnatzat erabiltzeak eta bestearen sufrimendua garaipentzat hartzeak herri gaixo batean bizi izan garela baino ez du erakusten.

Asteburuan irakurri dugu Jesús Barkosek Diario de Noticias egunkarirako Jorge Txokarrori egindako elkarrizketa. Izugarria testigantza. Jorge ez da zenbaki huts, Jorge izen-abizenak dituen pertsona bat da. Jorge, bada, izan zen guztiarekin. Inoiz gertatu behar ez zuenaren, baina gertatu zenaren adibide da Jorgeren lekukotza. Halakorik berriro ez dela gertatuko bermatua dago? Ezer ikasi da?

Giza Eskubideen urraketa orori, urraketa horiek eragindako sufrimenduari begirik eta eskurik jarri ezean, nekez egingo dugu aurrera gizarte eta herri gisa.

Irati Goikoetxea Asurabarrena
2023-1-17

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!