¿Por qué dejamos de jugar Irulegiko eskuarekin?

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2022ko aza. 15a, 19:03

Iruñea. Bi unibertsitateen artean Sadar errekastoa. Euria egiten duenean, aspaldian ez, saltari eta jolasti egiten du bidea, aspaldian ez. Hortxe ibiltzen naiz Xenda ttikia hartuta goiz-pasian. Tarte horretan bada tunel txiki bat. Orain dela gutxi letra larriz, handi eta beltz, irakurri nuen tuneleko paretan: ¿Por qué dejamos de jugar? Maite ditut halako pintadak. Bazoazela geldiarazten zaituztenak, hausnarketarako edota ondoan daramazunarekin solasean-eztabaidan aritzeko bide ematen dutenak. Idatzi duenak idatzi duen hori zergatik idatzi duen pentsatzen pasa nuen goiza. Jolas egiteari utzita izango zen bera? Zenbat urterekin? Hirurekin? Seiekin? Hamaikarekin? Hogeita laurekin? Jolasten jarraitzen ote du? Zenbat urte izan ditzake halako pintada egin duenak? Ama izango da? Aita? Irakaslea? Begiralea? Sendagilea? Mekanikaria? Ile-apaintzailea?

 

Kontua da pintada ikusi eta bi egunera bi udal-langile ikusi nituela toki horretan bertan margo zuria eta brotxa potoloa hartuta. Pareta zikina garbitzen nonbait. Sekulako barne zimikoa sentitu nuen, esateko gogo-beharra, mesedez, ez ezabatzeko ezabatzera zihoazen esaldia; bertatik pasatzen zirenentzat hausnarketagai beharrezkoa zela. Ez nien ezer esan. Koldarra ni. Handik ordubetera itzuli eta ezabatua zegoen esaldia.

 

Eskua poltsikora eraman eta boligrafoa gainean neramala ziurtatu nuen. Ia egin nuen akzioa. Ia. Koldarra ni. Zergatik uzten diogu jolasteari? Etxe eta ikastetxeetako paretetan idatzi eta hausnartu beharko genuke erantzuna. Hain iruditzen zait garrantzitsua jolasaren kontzientzia hartzea. Gaur hortaz irrintzi egiteko asmoa nuen, beste hainbat konturekin bezala, hizkuntzaren barneratze eta finkatze prozesuan jolasak duen indarraz zuekin jarduteko asmoa nuen. Baina zapla erori zaigu meteoritoa gainera Irulegiko  eskuak bultzata.

 

Eta horrek ere mereziko du irrintzi, oihu, solas, hausnarketa eta eztabaida. Hitzak brontzezko eskuan; pintada. Eskerrak orduko udal-langileei ez zien inork sorioneku hura ezabatzeko agindu. Zorionekoak orain eta hemen gu!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!