Futbol jokalari bikaina da. Etorkizuna saltoka-saltoka datorkio pozarren. Aspaldi egin zuen bidea Iruñea zaharretik Bilbo handira. Nico jarri zioten izena. Williams du abizena. Zero omen da bere euskara maila; berak esana. Barre egin omen dio euskarari, burlaizez; inguruak esana. Eta piztu da sua. Nahastu ditugu politika, kirola, komunikazioa, erreferente direnak, eredu behar dutenak, errespetua, eskolak, ikastolak, gazteak, erantzukizunak eta euskara. Ai euskara!
Zero esan du. Ez dakit batere, baina susmoa dut jakingo duela pixka bat. Ziur naiz ez zuela halako galderarik espero, eta bat-batean brausta botatako galdeketa bizkor batean irri karkara atera zaiola, bai, esango nuke egin baino atera egin zaiola. Urduritasunez? Ba, auskalo, baina agian bai, "Orain ez nauzu euskaraz hitz egiten jarriko ala?" esanez bezala. Badakielako ez dela horretarako gai. Euskal Herrian 20 urteko gazte asko eta asko komunikabideen aurrean eta atzean, agerian eta ezkutuan euskaraz aritzeko gai ez diren bezalaxe. Ondorio bat da Nico. Kausa askoren ondorio. Kausa horiek (hizkuntza-politikak, banako eta taldeko konpromisoak...) ondo aztertu eta nork bere erantzukizunei erantzuten hasi baino nahiago dugu hogei urteko gaztea egurtu, ogia bustitzeko ere balio ez duen saltsan muturra zikindu eta euskararen inguruko geure iritzia eman dugulako kontzientzia garbitu. Ez ote dago aurreragoko lanik? Etsigarria benetan. Euskarak lanean behar gaitu.
Etsigarria bai, jakin nahiko nuke esaterako, adibide bat da beste askoren artean, Iruñerrian haurrentzako euskarazko zenbat eskaintza gelditzen den bertan behera partaide nahikorik inguratzen ez delako. Azkena pasa den astean Barañaingo liburutegian. Ezpainak luzatu eta hortzak erakutsi gabe ere, majo egiten diogu barre geure buruari.
Nico ez dakit jokoz kanpo harrapatuko duten, gure gabeziak estali nahian gu jokoz kanpo gabiltzala agerikoa da.