Komunetako ateak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2022ko eka. 7a, 20:20

Zortzi hilabete daramatzat hilekorik gabe. Bai, badator Xenda. Ondo daki hori bost urteko anaiak, Elederrek: Xenda datorrela, zortzi hilabete daramatzala amak hilekorik gabe eta orain dela bederatzi-hamar-hamaika hilabete hilean egun batzuetan amak odol jarioa izaten zuela, aluan behera. Jakin badaki ikusi egiten duelako amaren odola, konpresa, alua, ikusitakoak jakin-mina eragiten diolako, jakin-mina galdera bihurtzen duelako, eta galderari erantzunak zor dizkiogulako, zehatz, argi eta ulergarri. Nondik nora nolatan nola nori zergatik zertarako…

Maiatza erdialdean onartutako Abortuaren Lege Berriak hizpidera ekarri du hilekoa; tira ekarri zuen bi, hiru gehienez ere lau egunez. Testigantzak, iritziak, erreportaiak… Hilekoa berriro komun-zulo ilun-zikin-itxiko kontu isil-ikusezin da gaur. Horrela jotzen digu haizeak, horrela haizatzen ditugu gaiak. Erreportaietako batean irakurri nuen gaztetxoei hilekoaren inguruko tailerrak eskaintzen zaizkiela. Gaur egungo gaztetxoei gero eta goiztiarrago egiten diela odol-errekastoak kuku eta gehiengo handi batek ez duela jakiten nondik nora nolatan nola nori zergatik zertarako… Agian txiki-txikitatik komunetako ateak zabalik izatea bezain erraza da kontua. Etxeko komunak etxean daude. Eta horiek huts egiten duten kasuetarako ikastetxeetako komunak ikastetxean daude. Komunetako ateak zabalik izateko garaia: zero urtetik hasita… Gainerakoan, zain-zain-zain komunikaziorako momentuen bila herdoildu eta iraungi egiten baitzaigu guztia eta horrek bere ondorioak ditu: dena da usain txar, begi txar, keinu txar, hitz gaizto, begirada gaizto…

Zero urtetik aurrera komunetako ateek zabalik behar lukete. Eta galderek. Eta erantzunek. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!