Halaxe. Gertatu bezala doakizue. Ostiral iluntzean, ostiral gehientsuenetan bezala, gurasoen etxean lotaratu nintzen beasainen. Aspaldian lo, lo, lo egiten dut, alegia, loaren kobazuloan barru-barrura sartuta. Ba, esnatu egin ninduen. Logelan sartu eta goizeko hiruretan. Aitak. Lo seko nengoela semea aldamenean semearekin ametsetan.
Goizeko hiruretan esnatu ninduen aitak. Pozik, zoriontsu, Ekaitz zoratzen itzuli zela Donostiatik etxera. Mezua bidalia zion semeak aitari. Eta aitak alabari jakinarazi nahi. Gainezka egiten duen poza partekatzekoa baita. Badakizue, gainezka egiten duen izozkian mingain ezberdinak korapilatzea bezalakorik ez dago. Ikaragarria izan zela Donostiako Tabakalerakoa, Ekaitzek aitari mezua. Asko eman eta asko hartu zutela. Popatik. Hiru giz on maitatzeari buruz hitza eta musika ardatz hartuta. Beren lehenengo aldian. Xabier Crehuet, Aingeru Mayor eta Ekaitz Goikoetxea. Emateko eta hartzeko jaioak. Popatik.
Donostiako Tabakalerakoa lehenengo aldia izan zen. Kultur zinegotzi, kultur teknikari, kultur eragile, kultur zale. Iruñeak eta Iruñerriak ere popatik hartu eta eman nahi badu hortxe opari estreinatu berria. Iruñeakoa eta Iruñerrikoa ere lehen aldia izan daiteke. Zu hor egote hutsak beti egingo baitu berezi aldi hori. Ikuskizun poetiko musikala. Popatik. Hiru giz on. Maitatzeari. Xabier Crehuet, Aingeru Mayor eta Ekaitz Goikoetxea. Iruñea eman eta hartu nahi?