Udaberri hasierako tenperatura goxoen etorrerarekin batera, iritsi da kukua Euskal Herrira. Entzuteko zortea izan dutenak txanpon askoren beharrik gabe zorioneko dira naturaren opari ederra bere eginda. Udaberri hasiera honek berak, ordea, korrika-korrika, elurra ekarriko omen digu astearen amaiera alderako. Eta hauxe gaur goizean gosaritan solasean Elederri eta bioi kateatu zaigun galdera: zer pentsatu-sentitu-erabakiko du kukuak? Iritsi orduko Afrikarantz egingo al du bidea berriro denboraz kanpo edo lekuz kanpo edo erabakiz kanpo ibili dela iritzita? Zenbateko marjena du bere erabakian atzera egiteko? Atzera egin behar luke? Elurra ezagutzen ote du? Elurraren ederraz gozatzeko aukerarik izan ote du inoiz? Merezi ote du, ordea, ederrak hotzetan?
Igandean Iruñeko Navarro Villoslada Institutuko ikasleen antzerki taldeak aurten ondutako antzezlanaz gozatzeko aukera izan nuen Baluarten Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolaturiko saioan. Lana, ahalegina, konpromisoa, adiskidetasuna, artea, sormena, kurrikuluma, zoriona denak bereizi nituen oholtza gainean. Begiak malkotan itzuli nintzen etxera gu izan ginen ikasleak, gure eskuetatik igarotzen diren ikasleak eta etorkizunean ikasle izango diren gure seme-alabak gogoan. Pozik oholtza gainean ikusi nuenarekin, triste eguneroko luze-zabalean ikusten dudanarekin. Hezkuntza. Urtaroek ebakita, denborak itota, eta azterketa, ebaluazio eta hautaproben itzalean izotz, beti eguzki bila dabilen zer hori. Hezkuntza Legeak, Hezkuntza akordioak, LOMLOE… kuku-kantu dira egunotan. Hegaldiek norantz egingo duten, hortxe koxka.
Kuku batzuk, ordea, elurretan kuku egiten ausartzen dira, zergatik ez gainerako guztiak?