Gardentasuna

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2022ko urt. 25a, 18:55

Edozein ikastetxetako edozein ikas-taldetako edozein guraso talderen whatsapp taldea. Hortxe harrapatu nau azken asteak, hortxe erdi-erdian. Ziur aski pandemia garaiko azken urte eta erdian seme-alaben bat eskolaratua duen edonork bere burua harrapatua ikusiko zuen bezalaxe. Hortxe mezu artean kateatua. Osasun Departamentua, Hezkuntza Departamentua, ikastetxearen antolaketa, protokoloak, zirenak direnak eta izango direnak, kontziliazioa, kontziliazioa, kontziliazioa eta ez dagoela eskubiderik. Eta kitto. Ados. Eztabaidatu, aldarrikatu, kexatu, eskatu, are exijitu bakoitzari duen neurriko ardura maila. Harritzen nauena da horretaz guztiaz gain, edo horrekin guztiarekin batera, edo horren guztiaren aurretik edo horren guztiaren atzetik, ez dela gutariko bakoitzak taldearekiko behar lukeen arduraz hitz egiten. Harritzen nauena da elkarrengandik inoiz baino gertuago egon behar genukeen garaian, nola desagertzen den urtebetetze-festetan, bazkari-afarietan, mendi-irteeretan itxuraz estu-estua den konfiantza. Osasunari pribatutasuna zor omen diogu. Osasunaren ingurukoak babestu beharreko datuak omen dira. Pandemia batean elkar ikaragarri maite duten neska-mutilen familien artean. Barkatu, baina nik ez dut ezer ulertzen. Ni gardentasunak, sano eta natural hitz egiteak, askeago, libreago egiten gintuelakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!