Badira albiste batzuk existitu behar ez luketenak. Ez gertatu eta idatzi behar ez direlako. Gertatu beharez dutelako baizik. Badira albiste batzuk beste modu batera kontatu beharko liratekeenak. Ez beste modu batera gertatu direlako, beste zerbait gertatu beharko litzatekeelako baizik.
Bat gehiago. Olatuek beste Itsaso batzuetan zipriztin egiten dutenean, altu eta oilar (eta oilanda) esaten dugu: “Nora begira dago mundua!”. Gu beste nonbaitekoak eta norabaitekoak bagina bezala. Bat gehiago. Eta herria, gurea, begira. Albisteari. Bidasoan gora hil denari ez baitio inork begiratzen. Hil eta gero ikusi zenbaitek, baina hil eta gero ikusteak ez du balio eta zenbaitek ikusteak ere ez.
Zer den bizitzea berriro luze gabe beste bat hilko dela jakinda. Albistea irakurriko dugu, txio bat idatziko dugu, plazak beteko ditugu, eta aldarri eta omen egingo dugu. Eta?
Plazak ez, herriak bete beharko genituzke eta zubi bihurtu gure gorputzak. Egin egin beharko genuke. Albistea irauli. Erantzukizuna beti bezala duenak du, hark, hark, hark eta hark, baina baita zuk eta nik ere. Eta zu eta ni, zu eta ni gara gure herriko uretan.