Kurriloak garrasika somatu ditut egunotan. Ederra da, egunez kalean zoazela kurrilo talde batek, beren noranzkoan gezi bihurtuta, lainoak zulo beltz bihurtzen dituela ikustea. Beren garrasiaren noranzkoan, zuk ere "Han doaz, han doaz" garrasi egitea. Urrutiegi daudelako ikusten ez dituzunean ere, han egon behar dutela antzematea.
Lehengo astean gauerdia pasatxoan entzun nituen pare bat egunetan. Ni nire idazketa lanetan murgildua, isiltasunaren kobazuloa oihartzun bihurtuta, hegaztiak etxean sartuko zitzaizkidala pentsatzera ere iritsi nintzen. Eta ai, hala balitz! Orduan ni pozik. Sartu-irten azkar bat. Bizitzaren beste ezuste bat. Halakorik ezin eta argia itzali, eta iluntasunaren sintonian, nik ere hegan egitea erabaki nuen. Magia. Magia pixka bat.
Biharamunean, bestela ezin eta, guraso-aiton-amonekin telefonoz hitz egin genuen Elederrek eta biok. Ea entzun al genituen kurriloak gauez garrasika haiek guri galdezka eta nik baietz. Eta Eleder loti ederrak, noski, ezetz. Eta Elederrek ea kurrilo berak al ziren Beasaingo eta Iruñeko zerutik pasatakoak. Eta nik baietz. Magia pixka bat. Eta berak ea nola zitekeen hori. Guk Etzegarateko muga arrastoa ezin pasa eta haiek aske zoriontsu eta musukorik gabe osasuntsu joan-etorrian ibiltzea. "Magia, ama?", berak. Eta nik ezetz. Hori burua lepo gainean izatea dela.