Minimoak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2020ko eka. 2a, 16:17

Badakit ez dela serioa titular huts batetik iritzia eraikitzea eta iritzi hori ematea eta irrintzi bidez iritzia lau haizetara zabaltzea. Baina titularra irakurri nuenean, hozka egin zidan eta nahita albistea irakurtzeko ez nuen astirik hartu. Akaso izango da albiste zaparradari aterkia zabaldu ezinda nabilelako. Akaso aurtengo ikasturteko azken irrintzia izanik lizentzia txiki bat  hartu nahi izan dudalako. Akaso iritziak horixe direlako, tranpa huts, begirada miopeak, zer esan nahi hura kontatzen dutenak.

Datorren ikasturtea eduki minimo beharrezkoetara mugatuko omen da edo mugatzea proposatu omen da edo mugatzeko aukera zabalduko omen da. Beraz, urtetan eta urtetan, proposamen berritzaile eta ausarten aurrean oztopo izan den kurrikuluma moldagarria da; txikitu daiteke puskatu beharrik gabe, argaldu daiteke inor gosez utzi gabe. Eta egon ziur, ez da ezer pasako, gure ume, gaztetxo eta gazteak herritar oso eta heldu izango dira. Horrek esan nahi du posible dela. Horrek esan nahi du denbora beste modu batera ere bete daitekeela. Horrek esan nahi du benetan badagoela denbora eskolak naturara eramateko, eskolak sormengune bihurtzeko, eskola biziagoak egiteko.

Hau guztia pasako da, eta minimoak minimo izaten jarraituko du beti. Kontua da denbora ze maximorekin bete nahi dugun, gure ume, gaztetxo eta gazteen osotasuna eta heldutasuna nolakoa izatea nahi dugun.

Gaurkoa ikasturteko azkena. Gozatu oporrak eta izan irrintzi. Besarkada gaur urteak betetzen dituen eta duela hiru hilabetetik ikusten ez dudan amari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!