Gizarte eta politika mailako eztabaida fokuak identifikatu eta galdera potoloen
bila hasten naiz tartean-tartean irrintzi honen bidez horiei erantzuteko gai ote
naizen neure burua estutuz. Zaldibar, Mendigorria, haur eskolak eta hizkuntza,
Txina, eutanasia, kale-inauteriak Iruñeko eskoletan, emakumeen eta
gizonezkoen arteko soldata arrakala Nafarroan, hauteskundeak han,
aurrekontuak hemen… Oraingo honetan ere dena esanda dago eta dena
esateke.
Asteburua pasa dut erantzuten saiatu nahiko nukeen galdera horren bila eta
oraingoan kale. Hain nahi nuen potoloa galdera, hain nahi nuen zikina, hain
nahi nuen hautsia… erantzun oro garbiegi topatu dut eta ez nau galdera bakar
batek ere erakarri, ez neure burua estutzeko, ez zurea, entzule, neure kezkara
kateatzeko. Akaso izango da nagikeria, pereza esaten duten hori.
Galdera ezinezkoen bila aritzen gara sarri, harro, puztuta, guk ere zerbait esan
behar dugula sinetsita, eta gutxien espero dugunean, ezustean harrapatzen
gaituzte beste galdera askok. Eta ezinezkoak hor sortzen dira, erantzuteko
ezintasunetik. Ni gaurko irrintzirako galderaren bila eta hiru bota zizkidan atzo
arratsaldean hiru urteko semeak ordubete eskasean, eta marka da gero, ezin
zer eta nola erantzun asmatu.
- Zertan ari da emakume hori?
Iruñeko autobus geltoki zaharreko parkean oinetakoak kenduta, belauniko, zapi
baten gainean errezoan ari zen. - Nor da gizon hori?
Etxera bidean San Fermin parrokiaren aurretik pasatzean gizon bizardunaren
marrazki-irudi handiak arreta eman zion. - Zergatik erre behar dugu eskolan Miel Otxin ostiralean?
Astea galdera potoloen bila hasi eta erantzun potoloen bila nabil orain, edonori
bai, baina batez ere hiru urteko haur bati zor baitzaio zintzotasunez erantzutea.
Eta isiltasunak ez du balio.