Zuloak agerian

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2019ko urr. 29a, 15:48

Ostiralean autobusa hartu nuen goizerdian Berriozarrera joateko. Lan kontuak.
Beteta zegoen eta erdialdean gelditu nintzen zutik. Atzetik ezagutzen ez nuen
emakume batek sorbaldan ukitu, nik gorputza jiratu eta irribarre lagunkoi
batekin esan zidan: “Tienes la mochila abierta”. Eta nik ustekabean: “A, eskerrik
asko!”.

Aitortzen dut, inoiz presaka ibiltzen naizenean, zipirri-zaparra, motxila erdi
irekian ixten dudala. Emakumea begira gelditu zitzaidan eta esker onez edo
bere hurbiltze keinuari errespetuz, motxila sorbaldan zintzilikatu eta begiratu
egin nuen irekia zegoena ixteko asmoz. Zentimetro bat, askoz gehiago ez.
Akaso gutxiago. Gutxi gorabehera zentimetroko irekiera zuen motxilak. Grazia
egin zidan emakumearen kezkak eta lagundu beharrak. Neurekiko barre egin
nion egoerari, eta irribarre txiki bat munduari. Estetikagatik esango zidan agian,
baina uste dut norbaitek motxilan eskua sar ziezadakeelako esan zidala.
Laneko koaderno apuntez betea, hiru-lau boligrafo, pare bat konpresa, platano
bat eta bi mandarina eta bi euro solte hor nonbait eroriak. A, eta “Ama-Alu-Lur”
antzerki-lanaren informazio orri bat. Bakarren batek zerbait hartzeko asmoz
eskua sartuko balu horixe topatuko luke. Barre egin nuen. Motxila irekita
eramatea ez da inoiz kezka izan niretzat, batek baino gehiagok ohartarazi izan
dit, ordea: “E, motxila irekita daramazu”.

Ez nuen motxila itxi. Gehiago ireki nuen. Sar zítezela ingurukoen begirada,
barre, kezka, ilusio eta beldurrak, sar zitezela isiltasun, hasperen eta xuxurlak.
Pisutsu sentitu nuen motxila eta aldi berean arin sentitu nintzen. Eta gustura.

Gurea babestu behar horrek sarri besteena ezagutzea galarazten digu. Hori
dute zuloek xarma. Zulo berak irteteko eta sartzeko balio duela. Itxita dagoen
zuloak, ordea, beltza, ez du besterik kolore.

Justu-justu harrapatu nuen emakumea autobusetik jaisten hasi zenean: “Hau
zuretzat. Oso harrera ona izaten ari da. Ea Nafarrora ere etortzen diren” esan
nion. Ama-Alu-Lur antzezlaneko informazio orria motxilatik hartu eta eman egin
nion. “Gogoratu. Ama-Alu-Lur” esan nion berriro. Alua, alua, alua. Beste zulo
bat gehiago. Ez beltz eta ez kolore. Itxi-itxi-itxi eta ezkutarazi duguna. Existitzen
denik ere! Bea, Itziar, May eta kuadrila, bejondeizuela egiten ari zareten
lanagatik. Ama-Alu-Lur, ea Nafarrora etortzen zareten, sorgin baten ametsak
hemen ere ipuin bihur daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!