Txakurren hezurrak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2019ko urr. 1a, 17:01

Joan aurretik ez nion ezer kontatu. Nondik hasi! Bertara iritsita, barne
korapiloa nolabait askatu behar eta besoetan nuen Eleder txikiari galdetu nion
“Zer ikusten duzu?” eta berak erantzun “Hezurrak”. Erabat askatu aurretik
korapiloa pittin bat gehiago estutzeko beharra sentitu nuen eta ausartu egin
nintzen galdetzen hiru urte egiteke dituen ttikiari: “Eta norenak dira hezurrak?”.
Estu eta goxo eta inozenteki eta minez eskaini nion beso arteko babesa eta
berak hartu noski, babesa eta goxoa eta mina eta inozentzia. Erantzun zidan:
“Ba, txakurrenak”. Irribarre bat erori zitzaidan bederatzi buruhezurren artera eta
nire buruari onartu nion ondo ari nintzela. Hiru urte ere ez ditu, eta zer? Ireki
begiak, egin galderak, jarri erantzunak bilatzeko bidean. Denborarekin aurkituko
ditu.

Arratsaldeko zazpietan agurtu genuen atzo Oilakarizkietako hobi aurkitu
berrietan lanean ari zen Aranzadiko taldea. Agur esan aurretik, ordea, Lourdes
Herrastiri aitortu nion: “Ea nola kontatzen diodan hau guztia”. Beste irribarre
bat, oraingoan berea, Lourdesena, goxo, beste bederatzi buruhezurren artera. .
Etxera bidean Elederri hezurrak norenak diren eta zergatik dauden hor
azaltzeko gauza ez nintzen sentitu, baina kontatu nion hezur horiek urte asko-
asko-asko-asko zeramatzatela ezkutuan, ikusezin, eta lan garrantzitsu-
beharrezkoari esker agerian jarri direla orain. Lehen, ikusten ez zirenean,
senitartekoen min isilarenak zirela hezurrak, eta orain bistara atera direnean
gutariko bakoitzarena, gizarte osoarena dela hezur horien mina. Horrek esan
nahi duen guztiarekin. Zerbait ulertu zidan. Asko ulertu zidan, aurrera
gindoazela atzera begiratzeko beharra sentitu baitzuen Elederrek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!