Parkez parke ibiltzen naiz Eleder txikiarekin, zeharkatu ditugu
Iruñeako hango eta hemengo ia parke guztiak. Lagun berriak egiten
saiatzen gara, elkarbizitzen kolunpio eta txirrista artean, elkar-
ulertzen, elkarri eskua luzatzen, hartzen eta uzten, adosten.
Orain dela pare bat hilabete inguruko parkeetako batean genbiltzala
“Rojo y amarillo, caca de chiquillo” esanez entzun nuen norbait,
ahots gaxte bat. Harrituta jiratu nuen burua, entzun nuena benetan
entzun ote nuen eta nork esan ote zuen ikusi eta ziurtatzeko. Bost
bat urteko mutikoa, ikastetxeko uniformez jantzia eta amari
gaztelaniaz egiten ziona. Harritu egin nintzen, bai; asko. Batetik, guk
orain dela 25-30 urte ikasitako errima-jokoa hainbeste urteren
ondoren ume baten ahotan entzuteagatik eta bestetik, esan bezala,
mutikoak ikastetxe erlijioso bateko uniformea zeramalako eta
gaztelaniaz egiten zuelako bere amarekin hizketa. Bai, badakit.
Aurreiritziak. Harriduraren muina sinplea da oso. Bai, badakit. Baina,
harritu egin nintzen eta kitto. “Rojo y amarillo, caca de chiquillo”
mutiko hari nork, noiz, nola, zergatik eta zertarako erakutsi ote zion
galdezka aritu nintzaion neure buruari, “Rojo y amarillo, caca de
chiquillo” nork, noiz, nola, zergatik eta zertarako erakutsi zigun guri
neure buruari askotan galdetu izan diodan bezalaxe.
Egunotan orain dela bi hilabete entzundakoaren oihartzuna berritu
zait. Larunbataren biharamunetan, biharkoaren bezperan, hementxe
gaude denok, chiquillo eta chiquilla, gorri izan edo hori, berde, zuri,
more edota urdin, elkarbizitzaren kaka artean. Eman nizula, esan
zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik
zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta
pentsatu ere… Lau urtean landu gabeko harremanak bezperako
gauean antzeztu, nahasi, korapilatu eta txikitu nahi ditugu. Bai,
txikitu, puskatu eta txikiago egin. Harremanek erraldoi beharko
luketenean herri bat modurik demokratikoenean eraikitzeko.
Demokraziak, ordea, gorrotorik gabeko bizikidetza du oinarri eta
nago eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela,
lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz,
guk elkarrekin ezta pentsatu ere… nago urteak joan urteak etorri,
lau urtekoak joan lau urtekoak etorri oso-oso-oso gutxi ikasten
dugula. Beste lau urte ditugu aurretik bizikidetza erdigunean jarri eta
lehenengo egunetik elkarrengana hurbiltzen hasteko. Asmatuko ote
dugu.
Gainerakoan, parkeetako umeek beren inguruak kaka kakatzar nola
bihurtzen duen baino ez dute ikusiko. Eta ikasiko. Konponduta
gaude.