Josefinaren goxokia

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2019ko mai. 21a, 16:28

Igandean Ezkaban izan nintzen, San Cristobalen, urtero maiatzaren 22aren
bueltan egiten den omenaldian. Memoriari ahotsa jarri beste behin; orain, bihar
ahots hori hauts izan ez dadin. Aurkezpen lanak egiten hasi aurretik Josefina
Lanberto hurbildu zitzaidan; beti bezain irribarretsu, beti bezain gozo. Anorak
azpitik eskua sartzeko esan zidan. Eskua sartzeko eta hartzeko gozoki bat. Beti
eramaten ditu gainean, marrubizkoak, laranjazkoak eta limoizkoak. Hamabiak
bat gutxi. Bat hartu eta poltsikoan sartu nuen olerkia irakurtzerakoan migainean
trabarik ez egiteko.

Izan
urrats, pauso, arrasto.
Izan
bide eta espazio,
izan
denbora,
izan nor.
Oroimen lausotuen eguzki,
ahots isilduen trumoi.
Izan
pentsamendu, iritzi, mami.
Izan hezur.
Hondar arteko oinatzak, ur direlako eta ez beste ezer,
zure bideak ez direlako sasi,
eta bai,
zure begiradak izena duelako bere.
Izan,
begi
izan
gaur eta etorkizun.
Non lapurtu zizuten aurpegia?
Izan zugan, zure eta zuretzako.
Eta izan guri.
Oraindik hor zaude, ezta?

Olerki-aurkezpenaren atzetik ordubeteko bertso, musika, testigantza, dantza
saioa ondu zen. Omenaldia bukatzean jan nuen marrubizko gozokia. Josefinak
emandakoa. Eta bai, inoiz baino gozoagoa iruditu zitzaidan. Gozokiaren azken
zati txikia hortz artean kraskatu nuenean, behin kalean elkar agurtzean esan
zidana etorri zitzaidan akordura. Semeaz galdetu eta atzetik esan zidan: tú
cuéntale lo nuestro e. Ahotsak hauts bihurtu ez daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!