Orain dela hiru bat aste Iruñeko San Francisco plazan. Hurbildu eta besterik
esan gabe galdetu zidan, begietara begira: ze izen duzu? Ez nuen ezagutzen
eta berari baino lehenago, inguruari begiratu nion. Ez dakit zergatik. Irati esan
nion, gutxi gorabehera begietara begira; ez dakit zergatik baina ez nion bere
izenik galdetu. Akaso nik galdetzerako berak esan zidalako Mikel zuela izena.
Eta jarraian, ia begiak gatibu hartuta, gaineratu zidan: eman diezadakezu
besarkada bat? Eta ez bat eta ez bi, ordurako irribarrea ezpainetan, besarkada
eman nion, edo eman zidan edo eman genion elkarri edo ez dakit zeri edo nori.
Agian pentsatzen jarri izan banintz ez niokeen emango. Ez dakit zergatik. Bi
segundo? Hiru? Banantzean irribarreak trukatu genizkion elkarri, telefono eta
posta elektroniko beharrik gabe elkarren berri izaten jarrai dezagun. Agur eta
agur. Galdetuko niokeenean zer sentitu zuen, zergatik-zertarako-noiztik-nondik-
nora-nolatan-norekin. Ez nion ezer esan. Ez dakit zergatik.
Atzean Eleder txikia nuen begira-begira, betiko moduan korrika-korrika
berarengana zuzenean joatea oztopatu zidan besarkada hura zer zen galdetuz
bezala. Eta nik ezin kontatu zergatik-zertarako-noiztik-nondik-nora-nolatan-
norekin. Besarkadaka jan nuen horrela ulertuko zidalakoan. Mikelen besarkada
gurearenaren baitan zegoela sentitu nuen. Barrezka hasi zen Eleder eta pittin
bat zoriontsuago sentitu nintzen. Imajina dezaket zergatik.
Hiru bat aste pasa dira ordutik. Ez dut Mikel berriro ikusi. Besarkadaz tarteka-
tarteka gogoratzen naiz. Oso ederra iruditu zitzaidan Mikelek probokatu zuen
egoera. Oso ederra. Errepikatzeko moduakoa. Baina, behin baino gehiagotan
galdetu diot neure buruari zergatik ez naizen gauza bera egiten ausartzen, ni
beste Mikel batzuekin. Eta zoritxarrez uste dut badakidala zergatik.