Txikia osorik

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2018ko urt. 23a, 16:56

Larunbata. Urtarrilak 20. San Sebastian egunaren erraldoitasuna txikihandi bizi da Beasaingo Garin auzoan; Donostiatik 50 bat kilometrora gutxigorabehera. Tanbor hotsik ez dago, baina proiektu polit baten hasierak oihartzun zabala lortu du. “Kontu  kontari, kantu kantari” saioa ondu dute kultura, euskara, sormena eta transmisioa ardatz hartuta auzoarekin hari loturaren bat duten hogei bat lagunek. 14 bat biztanle dituen auzoko elizan 120 lagun bildu dira emanaldia ikustera. Auzotarrek egina, euskara jatorrean, transmisioa helburu.  Hunkigarria, aberatsa, eta kopiatzeko moduakoa. Garin izan daiteke Nafarroako edozein herri edo auzo txiki edo handi. Arrakastaren gako eta helburua auzotasunetik edo herritartasunetik sare emankor sortzaileak jostea da. Nik olerki hauxe eskaini diot Garin txiki handiari. Sormenetik lan egin nahi duen herri edo auzo horri.

GARIN. TXIKIA OSORIK

Txikia
txikia du haizea
txikia
auzoak.

Txikia
txikia du argia
txikia
auzoak.

Txikia
txikia du negua
txikia
auzoak.

Eta txikiak
txikiak biltzen du hotz mineko sua
egur bustiaren irri orri urria.

Eta txikiak
txikiak biltzen du nekearen izerdia
esku latzaren hazi etsi hautsia.

Txikia ñimiño
lausoa
auzoa
bide ertzean
irrist egiten dio arrats hustuari
auzoak.

Eta badator
handi, erraldoi,
begirada jolastia
mendi muino
belardi eder
haran saltarietan barna.
Badator
erritmo itoan
badator
bere burua
txikitxikitxikia
uste zuen begirada jolastia
handi eta erraldoi.
Beso artean mundua kabitzen zaio.
Eta auzoa.
Auzoa osorik.
Batez ere beso artean auzoa osorik kabitzen zaio.
Hori da txikiaren handitasuna.
Begirada baten beso artean osorik kabitzeko gaitasuna. Osorik. Auzoa.

Irati Goikoetxea Asurabarrena_2018-1-20

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!