Zoriontasun hipotetikoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2017ko aza. 7a, 17:00

Loteria tokatuko balitzait etxe handiagoa edo kotxe hobea erosiko nuke, edo munduari buelta emango nioke, edo zoriontsuagoa izango nintzateke. Baldintza azaltzeko irakasleak erabiltzen duen gaietako bat da loteriarena. Ea Ana… “Loteria tokatuko balitzaizu…” eta Anak begiak irten beharrean etorkizuna miazkatzen du esaldia nola bukatu asmatu nahian. Edo, ea Pello… “Santiri loteria tokatuko balitzaio…” eta Pello amorratu egiten da zoriak zergatik ez duen laguna beharrean bera aberasten irakasleari galdezka.

Okindegietan, jatetxeetan, ikastetxeetan eta lantokietan dagoeneko eskuragai daude abenduaren 22ko loteria sarirako papertxoak. Nafarroa zorteko dago, gainera, Sorteko urrezko sorginak hemen egin baitu alto aurten. Ni txundituta uzten nau loteriak inguruan sortzen duen gogo-nahi-miresmen-irrika-urduritasun eta diru mugimenduak. Inoiz ez dut loteriarik erosi; grazia-amorrua-tristura eragiten dit eta ingurukoei tokatuko balitzaie? tarteka-tarteka egiten didaten galderak. Ez da hain zaila esaldia osatzea… Ingurukoei loteria tokatuko balitzaie, eurek euren zoriontasuna loteriaren haize boladen arabera dantzatu nahi izan dutelako, ni izugarri poztuko nintzateke.

Egunotan sare sozialetan, Kataluniako afera tarteko, Espainiako loteriarik ez duela erosiko irakurri diot bakarren bati. Bitxia iruditzen zait erabaki hori politika jarrerek baldintzatuta hartzea. Nik beti lotu izan dut loteria eredu kapitalista eta ohitura kontsumistekin, eta horrek Kataluniarekin eta Espainiarekin eta gure inguru eder honekin ez duela zerikusirik uste izan dut. Edo badu?  Izan ere, ez dut ongi ulertzen… Espainia Kataluniarekin gaizki ari dela iritzita loteria nazionala erosteari utziko dionak Euskal loteria erosiko luke?

Balitzaizu, balitzaio, nuke, luke, lioke, litzateke… handiagoa, hobea, azkarragoa, ederragoa, altuagoa… koherentzia ezak eraginda zoriontasuna nola baldintzatu eta hipotekatzen dugun ikusita tristetu egiten naiz. Baldintza irakatsi eta ikasteko adibide berriak erabiltzen hasi beharko ginatekeela uste dut, zoriontasuna ez dadin beti hipotetikoa izan.

Irati Goikoetxea Asurabarrena
2017-11-7

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!