Hamar, hamar. Tokatu zait. Urriak hamar. Hemendik hamalau urtera arratsaldeko bostak eta hogeian Euskalerria irratiko uhinetan irrintzia bota behar duenak akaso Kataluniaz hitz egingo du. Kontatuko du orain dela hamalau urte Kataluniako bla, bla, bla… Hamar, hamar. Tokatu zait. Urriak hamar. Hemendik hamalau urtera irrintzilariak atzera egingo duen bezala, nik ere atzera egin behar ditut hamalau urte. 2003an aldarrikatu zen Heriotza Zigorraren aurkako mundu mailako lehenengo eguna, urriaren hamarrean. Aurtengoa, hamabosgarrena txirotasunaren gaiari lotuta iritsi da. Bai, tamalez, halako egunak iritsi egiten dira. Urte osoko zurrunbilo zalapartatsuak irentsi eta dagozkien egunean txilipurdika nonbaitetik behera eroriko balira bezala. Datuak zirraragarriak dira; 2016an gutxienez 1032 pertsona exekutatu zituzten hogeita hiru herrialdetan; gutxienez diot Txinan ustez egiten diren milaka exekuzioak ez baitira ezagutzera ematen. Exekuzio gehienak Txina, Iran, Arabia Saudi, Irak eta Pakistanen egin ziren. Urrutiko kontuak pentsatzen dugu askotan; zer egingo dut nik nire arnasgune ttiki honetatik? Pablo Ibarren izena entzuten dugunean itotzen zaigu pixka bat gure arnasgune ttiki hori, baina, gainerakoan… munduaren beste arazo bat gehiago da heriotza zigorrarena eta mundu zabal handi erraldoi horretan gu txiki ñimiño eta ezdeus garenez, urrutikoak garenez, oso urrutikoak, nahikoa izaten dugu lo minutuak lapurtzen dizkiguten gure-gure-gure, barkatu nire-nire-nire arazoekin. Kontua da heriotza zigorraren aurkako mundu mailako aurtengo eguna txirotasunaren gaiari lotua dagoela. Mundutar txiroak, pobreak, baliabide urriak dituenak heriotza zigorrera kondenatua izateko aukera gehiago ditu. Beraz, eta mundu mailako ezberdintasunak bizilagunarengandik hasten direnez, ai amigo… eta amiga, kontua da arazoa gurea, barkatu, nirea ere badela. Izan ere, gure bizi baldintza oparoen kontura zenbati zigortzen diogu bizitza?
Irati Goikoetxea Asurabarrena