Zerura begira etzan, hankak zabaldu eta egin bultza. Seme-alabak munduratzea izaten zen umetako jolasetako bat. Umeak eta umeak erditzen genituen, eta txupeteak jartzen genizkien eta biberoiak ematen. Paristik zikoinek dendetara eta dendetatik gure etxera ekartzen zituzten. Guk zerura begira etzan, hankak zabaldu eta bultza egiten genuela imajinatzen genuen. Eta gero orduak eta orduak pasatzen genituen kalean gora eta kalean gorago kotxe kapotari bultza eta bultza. Ume-panpina hor eta gu hemen. Ez larru, eta ez bular. Denbora-pasa bat gehiago izaten zen.
Nerabezaroan ahaztu egin ginen ama izatearen kontzientziaz eta atzetik etorri ziren presak eta presioak. Orain zerura begira etzanarazi, hankak zabalarazi eta bultza eginarazten digutenean, begiak irekitzen saiatzen gara. Kanpoa ikusteko barrura ireki behar dira begiak.
Azken aste eta hilabeteetan bigarren aldiz izan dut irakurgai Estitxu Fernandez Maritxalarren “Gure erditzearen jabe” liburu bikaina. Erditze kontzientearen garrantziaz jabetu, eta neure buru-gorputzak ezagutu, ulertu, onartu eta aktibatzen saiatu naiz. Eta orain… “heldu da garaia, gorputzak kanta dezala”… kanturako ez dakit, baina, dantzarako prest behintzat bagaude Eleder eta biok.
Eskerrik asko Luis bikoteari, osaba Ekaitzi, aitona eta amona Joxe eta Asuni, birramona Prudentxiri, abuelo eta abuela Luis eta Gloriari, tia Mariari eta tio Santiri, eta lankide, lagun, bizilagun, herritar eta ezagutu ez eta kalean hurbildu zaizkigun guztiei eskerrik asko, zer moduz gauden galdetu eta onena opatzeagatik.
Eta eskerrik erraldoienak zuri Eleder, zoragarria izan den haurdunaldi honen lagun-kide-konplizea izateagatik.
Irati Goikoetxea Asurabarrena