Hizkuntza nazionalaren diagnosiak argi esaten digu: Arnasgunetan hizkuntza gaitasun eta erabilera galera bat dago, eta arnasguneak ez direnetan berriz, ezagutzaren gorakadak ez dakar erabileraren handitze sendorik. Masa kulturak eta mundu digitalak kalkulaezina den pisua irabazi dute eta hizkuntza hegemonikoen bidea erakusten digute. Horretaz gain, hezkuntzan txatxielebitasun, aniztasun eta bestelako konplejuen izenean murgiltzeak tokia galtzen ari du, eta aisia antolatuan edo lan munduan ez dugu salto kualitatiborik eman. Larrialdia benetakoa da.
Gauzak horrela, ezin dut ulertu nola Zetak-en edo euskara hutsean egindako makroebento bakanak kritikatzea batzuentzat kirol nazional bilakatu den, bereziki, ezkerraren ezker infinito horretan. Eztabaida horien ideien lokatzetan gozamenez igurtzita, banguardia intelektual izan nahi horretan, hitz loditan egoa ongi puzten baina eraginik ez duten horretan,... Batzuetan pentsatzen dut eztabaida horien helburua ez dela gaiari beste alde batetik heltzea baizik eta argudiotan norbera nabarmen gelditzea.
Eta argi dago zer dela eta hemen gauden pronostikoen kontra. Argi dago gure kultur programazioak plangintza bat eta “zertarako” bat behar duela, gu batez ere plaza txikiak garela eta antolaketa komunitarioa garela logika neoliberaletatik urruti, eta hori hauspotu beharko dugula, horiek baitira gure hezurmuina, eta joerak dioenez, gure arnasgune bakarrenetakoak. Baina plaza eta erreferentzia handiei eta sekula eduki ez ditugun espazioei uko egitea itsu jokatzea da, nahiz eta hitz loditan izkutatu.