Eredu, zer eredu?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Otxoa 2025eko azaroaren 5a

Atzoko guraso gela bilera orokorrean irakasleak horrelaxe eman zion hasiera: “Hasi aurretik, barkamena  eskatu nahi dizuet, baina bilera hauek erdaraz egingo ditugu. Gero norbaItek euskaraz galdetu nahi badu egin dezala lasai.” Nik neure buruari ia gelan euskaraz hasiko den superheroirik ba ote dagoen galdetu nion lehenengo. Eta gero, “barkamena” euskara bigarren mailan jartzen duen hautu politiko kontziente batengatik eska ote daitekeen. Gurean D ereduak duen koherentzia falta agerian gelditu zen. Nire zorohaizea da edo bilerak euskaraz egin daitezke informazioa inori ez faltatzeko moduan? Itzulpengintza zerbitzuarekin, edo elebidunak eginda, edo progresiboki aldatzen joatea,... Beti ere plangintza bat finkatuta, pedagogia fase bat eginda eta baliabideak jarrita gerora.
Gaur, semeak “gaztelania” ikasgaia zeukan lehenengo orduan. Tutoreak berak ematen duela adierazi digu. “Aita, bitxia egiten zait” bota dit (hortxe seinalea). Ikasleen eredu izan beharko lukeen heldu erreferente linguistikoa (batzuentzat bakarra), non eta murgiltze eredua metodologiatzat hartuta duen eskola batean, ikasleei erdaraz goizean goiz? Hurrengo orduetan, tutore horrek gainontzeko ikasgaietan euskaraz aritzeko eskatuko die ikasleei?
Jakina da Iruñerriko D ereduetan LH6-ra ailegatzean ume batzuk ez direla bi esaldi euskaraz eroso esateko gai. Eta jakina da ama eta konfiantzazko hizkuntza euskara duten umeek ia automatikoki erdarara pasatzen direla taldearen parte sentitzeko beharrarengatik. Baina talde izateko behar eta konfigurazio horretan, guk geuk heldu euskaldunok ere eragiten dugulako, erdarazko hizkuntza ohiturei bide emanez eta euskarazko hizkuntza ohiturei mugak jarriz. Hau besterik ez diot irakaslegoari esango: Dagokizuen horretan, ez dela dena baina ez dela gutxi, egin zaitezte diagnosiaren kargu, ez begiratu beste inora!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!