Murgiltze ereduan baino, Iruñeko haur eskoletan eredu mistoak (euskal adarra & adar erdalduna) sustatzea eta auzo gehiagoetara eramatea tratu onargarria izango litzateke, beti ere, Haur Eskolen Erakunde Autonomoan euskara helburu izango balitz, metodologia berritzaileak hizkuntza gutxitu baten beharrekin uztartuko balira edo arkitektonikoki ere gure hizkuntza hautua errespetatuko balitz. Azkenean, haur eskola eredu hauetatik ateratzen diren umeek ez dute dakartena baino euskarazko ez atxikimendu ez gaitasunik garatzen. Etxetik euskara dakarrenak, automatikoki erdarazko hizkuntza ohiturak hartuko ditu. Euskararik etxean ez duenak berriz, erabat ezinezkoa edukiko du euskarara salto egitea. Eredu honek euskalduntze saldo negatiboa dauka erabat.
Eredu mota hau, asimilazioa bilatzen duen etsai politikoak diseina dezakeen estrategiarik inteligenteena dirudi, euskararen aldeko itxura bat eman, baina edukiz hustu, ez dezan aukera errealik eduki, espainolaren itsasoan diluitu dadin, gure hizkuntza nazionala neutralizatuta gera dadin, folklore izan gaitezen. Euskaltzale eta abertzale batentzat ez dago ezer okerragorik, ustez bera errepresentatzen duten aukera politikoek ardura postu batetik euskararen biziberritzearekin zerikusirik ez duen bidea hartzea baino. Beste batzuen agenda gurea egin dugu. Horrela segituz gero, larrialdi linguistikoan eta identitarioan sakonduko dugu, eta hemendik gutxira, beste korronte ideologikoei eragotzi beharko litzaieken porrotak euskaltzale eta abertzaleoi eragotziko digute. Beharrezkoak dira erabat, erabaki hauetatik aldentzen diren alternatibak eta ahotsak. Horrela, agian, berandu baino lehen, gazte belaunaldi batek euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren bandera igoko du berriz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!