Pedro Baños koronel erretiratu eta idazle “gaullistar” espaniar bat da, geopolitikan aditua. Pablo Iglesias, espaniar politiko progresista postmarxista da. Gaur egun, estatu espainiarra eta hispanoamerika batzen dituen komunikabide baten zuzendaria. Biak oraintxe buru-belarri komunikazio eta borroka kulturalari emanak daude.
Zer da bi figura politiko hauek batzen dituena? Geohispanitatearen ideia. Mundu multipolar berrian hispanitateak bere ahots propioa edukitzeko estrategia. Hispanoamerika eta estatu espainiar baten aliantzak, jaki, ur, mineral eta baliabide energetiko kopuru izugarriak batuko lituzke. Aukera komertzial izugarriak lortuko lirateke Madril geohispanitatearen Europako ate izendatuta. Baina nola gauzatu aliantza hori? Zerk txirikorda dezake ozeanoaren bi aldeak? Biek argi eta garbi diote, hizkuntzak. Espainolak munduan 400 milioi hiztun baino gehiago ditu. Pentsa EEBBetan duen eragina, Trumpek berak jendaurrean “hispano” terminoa erabiltzen eta goresten hasia dagoela lehenagoko “latino” gutxiesgarriaren ordez. Eta hizkuntzak migrazio fluxuak artikulatzen dituela ez da inorentzat sekretu.
Etsaiak estrategia birpentsatzen duen bitartean, bere zibilizazio-boterea indartzeko prest dagoenean, garbi baino garbiago duenean zer erabili zu asimilatzeko, nola liteke euskal alderdi abertzaleek agenda progrearekin eta epe laburrarekin hain lerrokatuta egotea? Nola liteke ahots propioa galtzeko baldakeria hori? Agenda progresista filosofikoki eta ekonomikoki globalista da, eta espainiar progresiaren kasuan behintzat, inperiala gainera. Adi Carl Von Clausewitzek zioenari: “Garaipena errealitate politiko mesedegarriago bat lortzea da, ez besterik”. Zeintzuk dira alderdi abertzaleentzat gaurko adierazle mesedegarriak?