Euskarari egiten utzi

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Otxoa 2024ko ira. 18a, 17:29

“Metodologia libreak” deiturikoak kultura eta hizkuntza hegemonikoetan egindako teorizazio eta esperientzietatik akademiara ailegatu ziren, eta hortik munduko edozein akademiara barreiatu, baita gurera ere. Modernitatearekin lotu dira, eta hezitzaile askoren motibazio iturri eta guraso askoren eskaera azken joera bilakatu dira.
Arazoa zein da? Kultura eta hizkuntza hegemoniko batetik datorren esperientzia kultura eta hizkuntza gutxitu baten beharretara ongi egokitu ez izana. “Egiten utzi” hori Iruñeko haur eskoletako lerro nagusi da hizkuntzaren gainetik, jo bestela Iruñeko Erakunde Autonomora, hitz bakar bat ere euskararen transmisioaz eta bere uztarketaz, ez horren inguruko familienganako orientazioaz. Haur eta lehen hezkuntzan ere eraginak ditu familiengan eta irakaslegoarengan. Honen ondorioz, umeen gaztelaniazko erantzunak inoiz baino normalizatuago daude,  erabilera auspotzeko jokuak zigor-sari logika satanizatuan erori dira,  errepikapenak eta kantak gehiegitan ekiditen edo minimo batera eramaten dira “konduktibistak” direlakoan,... Ezin da euskara behar bezala “erakutsi”. Eta ez “erakustearen” ondorioz, euskarazko hizkuntza ohiturak dituzten umeak geroz eta  bakartuago daude asimilazioaren amildegian, eta erdaldunak euskarara erakartzea geroz eta zailagoa da.  Eta are okerrago, diagnostiko hau normalizatzen da eta erreakzio planik ez da proposatzen.
Edozein ikastetxe edo ikastolan ebaluazio sistema bateratu batekin euskara erakutsiko den metodologia estandarizatu bat premiazkoa da. Bide horretan, badira txalotu beharreko mugimenduak ikastetxe batzuetako zuzendaritzen artean elkarlanean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!