Diagnosi errealak arren

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Otxoa 2023ko mai. 10a, 17:12

Azken urtetan euskararen osasunari buruz galdetzean erantzun jakin batzuk lortzeko eskemak agindu dutenaren ziurtasuna daukat. Hor daude inkesta jakin batzuen hurrengo eguneko zenbait lerroburu sinple, edo ikastetxe gehiegiren hizkuntza diagnosiak. “Gutxinaka hezkuntzaren eskutik ezagutza handiagotzeak erabilera handiagoa ekarriko du”-enaren tesia berrestea eta unean uneko kudeatzaileak babestea egon da guzti horren atzean. Agian kontestu politiko ezberdinean eta iraultza digital eta teknologiko aurreko uneren batean baliagarria zen. Dudarik ez dut ordea ebaluazio-sistema horrek goia jo duela, aspaldi gainera.
Iñaki Iurrebasoren “Euskararen demolinguistika”-ren maixulana mugarria izan da egoeraren konplexutasuna azaltzen. Eguneroko elkarrizketetan zenbat euskara hitz egiten den edo ezagutzari buruz ikertu beharrean, erabilera posiblea kalkulatu eta zenbat hitz egiten denaren alderaketa jarri du ardatzean, erantzunean beste minorizazio prozesuetan topatzen ez den erabilera altua eta atxikimendua topatuz. Hiztunen gaitasuna eta erosotasuna zentruan jarri du bere balorazio-sisteman, hizkuntza-nolakotasunak erabilera mailaren zergatia ematen digulakoan. Hortik tiraka arnasguneen berebiziko garrantziaz eta euskararen ordezkapen saldo negatibo lazgarriaz hitz egin digu (erdalduntzen direnak euskalduntzen direnak baino gehiago dira). Bukaeran eskailera mekanikoaren argazkia utzi digu ondorio bezala, indar harrigarria dugu kontrako korronteari eusteko, baina neke zantzu argiak ageri dira “geldiune aro” deritzon garai honetan, eta berandu baino lehen jauzi baten beharra azpimarratzen du. 
Tokian tokiko diagnosi erreala behar dugun haize freskoa da. Autokonplazientziazko erantzunak eragiten dizkiguten eskemak lurperatu ditzagun okerrera joan ez gaitezen: Umea D eredura eramate hutsak euskalduntzen du, guraso euskaldunak izatea transmisio bermea da, herri “euskaldun” batean bizitzeak euskaraz bizitzera eramaten zaitu, ezagutzak erabilera dakar, D eredukoak %X gara,…  Diagnosia egiterakoan agindu dezala etxean, jolastokian, plazan edo lanean erabili egiten denak, bere nolakotasunak eta egoeraren eboluzioak. Eskema zaharrak barneratuta eta benetan zer gertatzen den ulertzen ez duen jendez inguraturik gaude. Nola ohartuko dira jauziaren beharraz?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!