Iruñerriko D ereduko ikastetxe baten ate irekietan, guraso batek hizkuntza diagnosi ezkorrari aurre egiteko euskara planik ba ote dagoen galdetu zuen. Irakasle batek honakoa erantzun zuen: “Ahozkotasun maila eroso orokortua lortzeko baldintzak ez dira emango baldin eta transmisioa hezkuntza arautuak suposatzen duen umeen denboraren %15era mugatzen bada”.
Eskolatik haratago, aisian eta etxean euskara egunero presente egoteko gurasoenganako hain beharrezkoa den pedagogia hori txalotu beharra dago. Bada aldaketa bat, gehiegitan ez baita egiten, edo ez behintzat azpimarra horrekin. Baina kontuz. %15 hori kualitatiboki daukagun garrantzitsuena da, eta ume askorentzat, tamalez, daukagun transmisioaren %100a. Beraz, bi %15 egon daitezke. Bata, eskola euskaraz, inertzian datzana, euskara helburuak atzean utzi dituena, ideia berriak eta neurri eraldatzaileak dakarren erreakzio plan estrukturalik gabekoa, %15a zuriketa moduan erabili dezakeena. Eta bigarrena, eskola euskalduna, ausardiaz gurasoenganako pedagogia egingo duena baina dagokion arazoaren erantzule egingo dena, eta berandu baino lehen, euskara planak jorratuko dituena, helburu zehatzak finkatuz, balorazio sistema serio bat jarriz eta ahozkotasuna lantzeko iraultza bat egiteko neurri, ideia eta programak abian jarrita.