Apirilaren 25ean Anaitasuna goraino bete zen ekitaldian ozen esan genuen euskararen normalizazioan erroko aldaketarik egin ezean, ez dela Nafarroan benetako aldaketarik emango. Etorriko zen Gobernu berriari egiturazko aldaketak eskatu genizkion, euskaraz bizitzeko eskubidea behingoz gauzatze bidean jartzeko. Egiturazko aldaketak alor juridikoan, plangintzarenean eta aurrekontuetan. Etsipenez ikusi dugu Vascuencearen lege baztertzaile eta atzerakoia errotik aldatzeko borondaterik ez dela momentuz. Zail irudikatzen da gainera, honetan aldaketarik eman ezean, administrazioaren euskalduntzerako plangintza sakon bat egiteko aukera. Eta ostiralean Nafarroako Gobernuak Parlamentuari aurkeztu dion aurrekontu aurreproiektuak ere ez du ekarri egiturazko aldaketarik aurreko legegintzaldiekiko aurrekontuekin. Bai, azken urteetan UPNk ordaintzeari utzi zizkion partidak berreskuratu dira. Baina orduan aski ezak ziren partidak gaur ere aski ez izaten jarraitzen dute. Hareago, UPNren politikak iraultzeko herritarren sostengua eskatu zuten alderdiek osatzen duten Gobernuak proposatzen dituztenean.
Argi izan dezagun: hizkuntza-politika egiten dena eta egiten ez dena da. Euskararen alde egiten ez den guztia, erdararen aldeko baita. Saihestu ezina da hizkuntza-politika. Formetan euskararekiko jarrera aldaketa soma daiteke Gobernu berriarengan, bai. Baina gaur gaurkoz gehiago da egiten ari ez dena, egiten ari dena baino.