Ez jakitea ez baita eskubide

Erabiltzailearen aurpegia Maite Inda 2015ko aza. 11a, 12:44

Maialen Lujanbiori entzun nion “nik ez dakit zein legek bihurtzen duen ez jakitea eskubide, ez dakit zein epailek bihurtu duen harraparia babestu beharreko espezie”. Maiz sentitutakoa hain ongi borobildu zuen esaldi bakarrean, paper batean gordeta dudala.
Nafarroako Gobernuak hezkuntzan egin lan deialdi proposamenaren harira erregimeneko alderdiek ustez ezker-aurrerakoia diren bi alderdiekin batera botatakoak entzutean (azken bi hauek, gainera, Gobernukideak), ezin esaldi hura burutik kendu: erdaraz mintzo direnak bigarren mailako herritarrak omen: “harraparia babestu beharreko espezie”. Herritar guztiek funtzio publikorako sarbiderako duten aukera berdintasuna urratu ei du deialdiak: “ez jakitea eskubide”.
Badirudi funtzionariatuaren eskubidea, herritarraren eskubidearen gainetik dagoela. Badirudi, gainera, ezjakintasuna baloratu beharreko irizpide dela non eta administrazio publikoan jarduteko. Ez da kalapitarik sortzen administrazio orokorreko langileei excel-en eta acces-en ezagutza eskatzeagatik. Ez eta hirigintza saileko postu batzuetarako sarbidean arkitekto izatea eskatzeagatik. Hor ez omen zaie herritar guztiei funtzio publikorako sarbiderako duten aukera berdintasuna urratzen. Ez jakitea, ez baita eskubide.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!