Astebete pasatxo da Katalunian hauteskundeak izan direla. Inbidiaz begiratzen diogu azken aldian Kataluniari, bai eta inbidiaz entzun ere.
Hauteskunde egunerako bi egun baino falta ez zela PPk spot bat hedatu zuen. Hernando, Maroto, Sáez de Santa María eta Alonso “Jo stimo Catalunya y stimo els catalans” adierazten dute publikoki bertan (ez intimitatean).
Nola iristen da eskenatoki honetara? Alegia, nola jartzen dira Genovako Alderdi Popularreko goi agintariak kataluniarrak seduzitu nahian katalanez hizketan? Cifuentes, Arenas, Fernandez Díaz, Hernando eta Feijoo “No m’imagino un futur separats” . Nola, eskolaren bidez kataluniarrak espainolizatu nahi zituela publikoki adierazi zuen ministroaren alderdikoak izanik? Ez baitugu ahaztu behar LOMCEren helburu nagusietako bat katalanaren normalizazioari egiturazko zangotraba jartzea dela. Alegia, egun Katalunian indarrean duten murgiltze eredu orokortua kolokan jartzea. Argi hitz egin zuen Wertek: EAEko eta Nafarroako hezkuntza ereduak ditu nahiago, euskalduntzen ez duten A, B eta G ereduak eskaintzen baitituzte. Katalanari lortu duen eskola bidezko transmisioa eten nahi dio. Euskara eta galegoari, berriz, bide hori hartzea debekatu. Eta hau, noski, lege bidez, legeak baitira politika sendoak eta iraunkorrak garatzeko bide instituzional eraginkorrenetakoak.
Akaso spot hau adibide deigarriena da. Baina ez da bakarra. Kanpainan alderdi guztiek herritarrei hitz egiteko katalana erabili dute nagusiki. Alderdi abertzaleek, nola ez! Baina baita espainolistek ere. Hauteskunde gauean, Madrildik emititzen duten kateek jarraipen estua egin zioten gertatzen ari zenari, horretarako aldi bereko itzultzaileak baliatuz. Ez da kalapitarik egon hizkuntzaren aferarekin. Inork ez du hitz egin katalanaren inposizioaz, medio faltaz katalanaren itzulpena egiteko, ez zaio interbentzioa egin duenari “hablame en español” esan. Aitzitik, Mariano Rajoik berak “units guanyem, plantem cara” esan die kataluniarrei.