Ipuinak eta kajoiak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017ko ots. 15a, 17:32

Istorioak kontatzea ezagutzaren transmisiorako tresna garrantzitsua izan da gizakiontzat. Mito klasikoak, ahozko literatura edota testu sakratuak ezagutza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko erabiltzeaz gain, moral bat eraikitzeko, ohitura batzuk zabaltzeko edota jendartea antolatzeko, hau da, politika egiteko erabili dira.

Eta gaur egun ere, hala da. Iberdrolak bere burua energia berriztagarrien bultzatzaile gisa aurkezteko ipuin ederrak kontatzen dizkigu bere publizitate spotetan, eta bere web orria kolore berdez, zuhaitz hostoz eta zeru urdinez margotzen du. ETBk bere ur-ipuin-handian esan zigun

Altsasuko frontoi etikoan Guardia Zibilak eta gazteak pilotan eskuz-esku aritu

eta herriko tabernetan militar armatuak eta herritar zibilak normalki elkar bizi direla. Podemosek Iglesias eta Errejonen arteko telenovela kontatu digu txio bidez,

zein haserre zeuden eta Vistalegrek nola konpondu duen dena.

Istorio batzuk, politak dira.

.............................. .............................. ...............

Baina ipuin hauen barruan badira beste istorio asko, askotan kontatzen ez direnak.

Hala nola, Iberdrolaren spotetan agertzen ez den Garoñako zentralaren ipuina, Guardia Zibilen kontrol eta harrokeriarekin nazkatuta dauden altsasuarren istorioak, edota Podemosek haren oinarriekin proposamen politikoak eztabaidatzeko duen ezintasunarena.

Bai. Ipuin hauek ez dira hain politak. Baina izan badira, eta badute bere lekua: kajoia. Eta noski, badira ipuin horiek kajoietan gorde nahi dituzten pertsonak.

Pertsona kajoizale horietako bi Ana Ollo sailburua eta Álvaro Baraibar zuzendari nagusia dira. Eta badute, gutxienez, ipuin bat kajoian gordeta: Nafarroan torturatutako 600dik gora pertsonen bizipenek osatzen dutena.

Eta bada garaia, ipuin hori kajoitik atera, tortura kasu guztiak ikertu eta kontakizun anitzez osatutako errelatoa idazteko.

Ana: Álvaro: zabaldu kajoia eta deitu Paco, mesedez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!