Haurren transexualitateaz

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017ko urt. 18a, 18:22

Transexualitate egoeran dauden haurren senitartekoek
bisibilizazio kanpaina martxan jarri zuten joan den astean,
haien txikien errealitatea ikusgarri egin eta gaiaz hitz egiten hasteko.

Sexu aniztasunaren aldeko kanpainak
erantzun dezente piztu ditu instituzio, pareta eta bus geltokietan;
erantzun asko eta anitzak.
Horiei buruzko irrintziak ere entzun izan ditugu irratsaio honetan.

Txiolari eta blogariek haien hatzak dantzan jarri eta
sare sozialak ere borborka hasi dira.

Nire galaxia birtual txikian,
hau da, entzun nahi dudana esaten duten txiolariz osatutako galaxia birtual txikian,
denetarik irakurri behar izan dut.

Ziur naiz, gehienek asmorik onena zutela buruan, idatzitakoa sareratu zutenean.
Baina astakeria bat edo beste iritsi zait nire pantailetara.
Eta irrati-uhinek duten zabaltzeko gaitasuna aprobetxatu nahiko nuke
Chrysallis Euskal Herriako kideekin ikasitako hainbat ideia barreiatzeko:

  1. Sexologikoki, denok gara intersexualak: Pertsona guztiok ditugu bi sexuetako ezaugarriak gure gorputzetan.
  2. Oso ohikoa ez bada ere, batzutan, sexuazio zerebrala eta genitala bi norabide ezberdinetan gertatzen dira. Zakila duten neska eta bulba duten mutilen kasuak dira hauek.
  3. Neska edo mutil sentitzea, ez da genitalek zehazten duten kontua. Identitatea ez dugu hanka tartean, burmuinean baizik. Kruijverrek dioenez, nukleo linbikoan, zehazki.
  4. Hortaz, ekografiek ez digute haurren identitatea argituko. Zakila duten ala ez jakin ahal izango dugu, ez besterik. Haurrak mutil ala neska sentitzen diren jakiteko, haurrek esaten digutena entzun beharko dugu. Eta...
  5. Haurrek ez dute haien identitatea erabakitzen. Ez da nahi kontua. Ezta haien apeta ere. Sentitzen dutena esaten digute.

Kitto!

Egoera horren aurrean, bi aukera ditugu. Esaten digutena onartu ala ez.
Haien zoriontasuna dago jokoan.

(...)

AZKEN HITZA
Benga! Ba!
Oraindik sinisten al duzu NORMALA den hori existitzen dela?
Ez al zara dagoeneko ohartu NORMA hitzari, arauari alegia, L bat batuz
herritar guztiak epaile bihurtu nahi izan gaituztela?
Alda dezagun begirada eta saia gaitezen
mundu anitza bere aniztasunean ulertzen, onartzen eta gozatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!