Zinetika

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2016ko aza. 23a, 16:18

XIX.mendean, mugitzen ari diren gorputzen jokaera aztertzen zuten fisikariek vis viva edo “bizirik dagoen indarra” terminoak erabili zituzten mugimenduak sortzen dituzten indarrak definitzeko.
Beranduxeago, 1849an, Lord Kelvinek “Energia Zinetikoa” terminoa erabili zuen lehen aldiz.
“Zinetiko” adjektiboak grezierako kinēsis (κίνησις) hitza zuen oinarri: “mugimendua” alegia.

Etzi eta etzidamu, Iruñean eta Nafarroan antolatzen den lehenengo bideodantza festibala ospatuko da Condestablearen Jauregian: Zinetika Video-Dance Festival.

Jaialdi honek, fisikaren teoria zinetikoek bezala, mugimendua aztertzea du helburu. Baina ez zientziaren alorretik, artistikotik baizik. Eta horretarako, mugimendua abiapuntu, tresna, bide eta helburu gisa dituzten bi diziplina elkarrekin lanean ipini nahi ditu jaialdiak: dantza eta zinema.

Laida Aldaz eta Natalia Sardi antolatzaileen hitzetan, Zinetika Festibalak bi ardatz nagusi izango ditu: alde batetik, ikus-entzunezko medioen bitartez dantzaren aniztasun eta zabaltasuna erakutsi nahi ditu, nazioartean erakutsitako eta saritutako hainbat film proiektatuz; eta bestetik, zinemagile eta artista-eszenikoak bi egunez lantegi batean bilduko ditu, dantza tresna gisa erabiliz, istorio zinematografiko bat elkarrekin ekoizteko.

Zuzeneko emanaldi diren arte eszenikoak eta erregistratzearen emaitza den zinema elkartzea ideia bitxia dirudi. Aurrez aurreko eszena eta pantaila laua bi espazio bateraezin izango balira bezala.
Baina arte garaikidea horretan dabil: diziplinen arteko konbinazioetan proposamen berriak bilatzen.

Eta asteburu honetan, gure mugitzeko moduei artearen bitartez arretaz begiratzeko aukera izango dugu Iruñean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!