Iker Moreno: Udamina

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2016ko ira. 22a, 18:41

UZEIren arabera, Udamina uztailaren 23tik irailaren 2ra arte doazen 42 egunei deitzen zaio, hau da, bero handienak egiten dituen urte-garaiari.Hizkuntza askotan Canicula ere deitzen diote eta hitz horrek erroa latinean du: Dies Canicularis. Zakur-egunak.



Azken asteotan ziaboga egin diote lau emakumek HuArte arte zentroari.
Museo izatetik, arte ekoizpen zentro izatera pasa da.
Edo horretan dabil; hori da zentroa kudeatuko duen laukotearen helburua.
Eta ez da gutxi!

Oskia Ugartek, arte zentroko zuzendari berrietako batek,
Nafarroan artistak sortzeko substraturik ez zegoela esan zuen uztailaren amaieran
Argian egindako elkarrizketan;
eta haien lehenengo asmoa Nafarroako komunitate artistikoa ezagutu eta
zentroa artistei ezagutzera ematea zela esan zuen,
poliki-poliki, Nafarroako arte-ehuna sortzen joateko.

Horretarako Udamina artista topaketa antolatu zuten abuztuko azken hiru egunetan:
Hogei artista elkartu gintuzten,
elkar ezagutu, eztabaidatu, lan metodologiak partekatu eta elkar bizitzeko.
Baina misio zehatzik gabe. Hau da, zehatza zen zerbait ekoiztu beharrik gabe.

Eta han ibili ginen, hiru egunez
jendetzari, erregistratzeko beharrari, identitateari, igarotzeari,
mugei, espazioari edota gorputzari buruz hitz egiten;

udamineko egun beroetan,
gure koadernoetako orriak erreferentzia artistikoz betetzen;

caniculako hiru egunetan zehar,
gure buruei, eta ez beste inori,
ekoizpen zentro berriko espazio zaharrei erabilera artistikoak proposatzen;

han ibili ginen,
ekoizpen zehatzak burura eramateko beldurrez,
zakur-egun astunetan,
ezer egin gabe egoten saiatzen.

Eta, zinez zaila da egoten saiatzea.
Benetan zaila.
Produktibo izatera bultzatzen gaituen sistema honetan,
ezer egin gabe egoteak ezinegona pizten du gorputzean;
urteko egun beroenetan ere.

Baina ezinegonean igarotako denbora horrek,
nire baitan behintzat,
hazi bat utzi du:
sormen prozesu batean murgiltzeko beharra.

Udamina pasa dela ikusita,
ea udazkeneko euriek hazia ernetzen laguntzen duten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!