Iruñerriko gazte mugimenduak antolatutako formazio hamabostaldian murgilduta daramatzagu egun batzuk. Gazteak, gazte boterea eraikitzea helburu, autogestioaz, emantzipazioaz, elikadura burujabetzaz edota prekarietateaz ari dira hizketan.
Ostegunean, KOMUNIKAZIO GERRILLA tailerra eman genuen Oier Zuñigak eta biok.
Eta hura prestatzeko lanetan ari ginela, hainbat zalantza sortu zitzaizkigun:
Zeri buruz hitz egin? Zeri buruz ez?
Nondik hasi? Nora jo?
Gazte mugimenduko kideek komunikazioa eta kartelgintza nahastu ohi dituzte.
Komunikazio arduradunei diseinu lanak eskatzen dizkiete; eta sare sozialen bat zabaltzea, askoz jota.
Baina komunikazioa hori baino askoz gehiago da.
Gaur egun, denak komunikatzen du: gure ibilkerak, gure arropek, gure ahoskerak... denak.
Egiteko eta izateko ditugun modu guztiek komunikatzen dute.
Komunikatutakoak, askotan, ez dira eduki teorikoak izango, sentsazioak edota emozioak baizik.
Baina horiek ere kontutan hartu behar ditugu.
Izan ere, komunikazio ekintza on batek botere izugarria du.
Eta bada horren adibide on bat: The Yes Men.
The Yes Men komunikazioa arma gisa erabiltzen duen talde ekintzailea da.
Etsaiaren eremu komunikatiboa okupatu eta bertatik eragiten dute.
Webgune faltsuak sortu eta haien kontaktua eskaintzen dute;
kontaktu horien bidez konferentzietan parte hartzeko gonbidapenak jaso ondoren,
enpresari gizonez mozorrotu eta mezu faltsuak zabaltzen dituzte.
“Identitate zuzenketa” deitzen dute beraiek.
Ekintzak eraginkorrak izaten dira, ordea.
1984an sekulako istripu kimikoa gertatu zen Bhopalen: pestizida fabrika batean istripua gertatu eta 8.000 pertsona inguru hil ziren lehenengo astean; beste 12.000 hurrengo asteetan eta 600.000 pertsonek jasan zituzten ondorioak.
Bhopal, ordea, India da. Eta enpresaren %51 estatu batuarra. Hemen, beraz, ez da ezer gertatu.
Istriputik 25 urtetara, istripua izan zuen fabrika erosi zuen DOW Chemical enpresako nagusietako bat elkarrizketatu zuten BBCko Pariseko bulegoetan.
Kamaren aurrean zegoen gizona, ordea, ez zen DOW enpresako kidea,
The Yes Men taldeko kidea baizik.
Baina DOWren izenean hitz egin zuen milioika ikusentzuleren aurrean,
eta istripuaren erantzukizuna bere gain hartu
eta Bhopalera 12 bilioi dólar bidaliko zituztela zin egin zuen.
Dena zen gezurra.
Komunikazio ekintza.
Baina akziodunek amua irentsi zuten.
Eta DOW Chemical enpresaren akzioak izugarri jeitsi ziren bapatean.
Komunikazioa boterea da, politika.