Laida Aldaz bost urterekin hasi zen dantzan, eta hogeirekin Nafarroatik alde egin behar izan zuen.
Izan ere, Nafarroan dantza garaikidean formatzeko bide guztiak agortu zituen, eta atzerrira jo behar izan zuen dantzari garaikidearen ogibidearen bila.
Hamabost urte eman ditu Bruselan eta nazioarteko hainbat dantzari eta artistarekin lan egin du.
Hala ere, ez du bere jaioterria ahaztu eta noizean behin Iruñera etortzen da, ongi lagunduta gainera.
Azken hamabi hilabeteetan, David Zambrano, Mark Tompkins eta Thomas Hauert dantzariak ekarri ditu gurera. Laidak bere garaian hemen aurkitu ez zituen irakasleak Nafarroara ekarri nahi izan ditu, berak izan ez zuen aukera hori guri eskaintzeko. Esan genezake, Laidari esker mundu mailan ezagunak diren dantzariekin ikasteko aukera izan dugula.
Azkena Thomas Hauert izan da. Joan den astean izan genuen gurekin.
Goizeroko ikastaro praktikoaz gain, asteazkenean emanaldia eskaini zuen Gayarren.
Arratsaldeko zazpitan sartu ginen antzokira eta Laidak egin zigun harrera.
Pozten zela gu bertan ikusteaz.
Pena ematen ziola horren jende gutxi agertu izana.
Basamortu kulturala dela Nafarroa.
Eta han bildu ginen, Gayarreko eszenatokian, berrogei bat lagun.
Eta Thomas Hauert gertutik ikusi ahal izan genuen.
Eta berarekin inprobisatzen hasteko bultzada sentitu.
Emanaldi osteko hizketaldian, ideia polit bat bota zuen:
Dantza estilo bakoitza testuinguru zehatz baten erantzun kulturala da.
Ostiral goizean, Atarrabiako kultur etxera hurbildu nintzen, bere klase bat zuzenean ikusteko.
Eta bi gauzek harritu ninduten:
Lehenengoa, Thomasek berak ezin ziola musikak sortzen zion dantzatzeko gogoari eutsi. Ikasleak dantzan ari ziren bitartean bera ere inprobisatzen hasten zela. Eta gorputz bidezko komunikazio sare berezi bat sortzen zela dantzarien artean, komunitate erakargarri bat.
Eta bigarrena, sormen prozesuetan deskubrimenduak zoragarriak direla. Kontzentrazio maila handiarekin lanean murgilduta zegoenean, bapatean, espero ez zenuenean, Laidari irribarrea marrazten zitzaion aurpegian. Ume batek zerbait deskubritzen duenean bezala.
Eta pentsatu dut, guk, gaurko euskaldunok, gure testuinguruari erantzun garaikidea emateko ez gaudela gorputz lengoai berriak ikertzen ari.
Iraganeko kodigo zurrunak errepikatzen ditugula etengabean.
Eta polita izango zela, guk ere, gure gorputzen zurruntasuna hautsi eta ezohiko mugimenduak ikertzen hastea, plazer hutsagatik bada ere.