Martxoaren 8a iragan berri da eta kaleek usain morea dute oraindik. Aurten baina, parekidetasuna ez dugu diskurtso eta afixetan aurkitu. Feminismoek parekidetasuna alboratu dute eta instituzioen txostenetako berdintasuna oihukatzen hasi dira.
Denok aukera berdinak izango ditugun jendarteak aldarrikatzetik denok berdinak izango garen jendarteak aldarrikatzera pasa gara. Aukera berdinak izan ala berdinak izan. Parekidetasuna ala berdintasuna. Aldea dago.
Joan den astean Samara Velte kazetariak iritzi artikulua argitaratu zuen Berrian: Identitateak.
Ipuin itxurako parrafo laburrean Juri izeneko haurraren istorioa kontatu zigun. Juriri etxean ez diote inoiz esan bera neska ala mutila zen. Zertarako? Zertarako utzi bere sexuak bere identitatean eragitea? Baina medikuarenera eraman dute eta bere garapena egokia ote den aztertzeko probak egin dizkiote. Eta heldu da Berriako irakurleak aztoratu dituen galdera: “Zer zara Juri, neska ala mutikoa?” galdetu dio medikuak. Eta umeak ez omen du erantzuten jakin. Eta katua dela esan dio medikuari.
Kazetariaren ustez erantzuna egokia izateaz gain eredugarria da helduontzat. Eta twitterren txalo zaparrada jaso du Samarak. Eta txiolariren batek “Ni ere katu bat naiz” txiokatu du, Juriri elkartasuna adierazi nahian edo.
Eta utzi diogu haurrari katu izaten. Inork ez dio esan bera ez dela katua, pertsona dela, gizakia. Haurrak erabaki du katua dela. Eta nor gara gu haurraren erabakitzeko eskubidea zapaltzeko?
Erabakitzeko eskubidearen aroan bizi gara.
Nahi duguna izan gaitezke. Nahi badugu mutil izango gara, nahi badugu neska. Eta nahi izanez gero, katu.
Baina, sentitzen dut, baditugu aukeratu ezin diren ezaugarriak. Gure hezurren tamaina, gure azalaren kolorea eta sentitzen dugun sexua, besteak beste.
Juriri ez bezala, Aitorri jaio zenetik esan diote mutila zela; ekografian ikusitako zakila, ama erditu zenean baieztatu ahal izan zutenez. Eta mutil gisa hezi dute bost urtez, bere sexua zakiltxo horrek definitzen duela sinistuta. Baina, Aitor munduaren kontra jarri da, eta guraso eta lagunei esan die bera neska dela. Zakila izan arren, mutil bezala hezia izan arren, bera neska dela.
Euskal Herriko Chrisallis elkarteak urtebete egin zuen atzo.
Urtebete haur transexualen familiak elkartzen.
Urtebete haien seme alabak entzuten.
Urtebete genitaletatik harago begiratzen.
Urtebete sexuen konplexutasuna ulertzen saiatzen.
Beste alde batera begira zezaketen.
Denak berdinak garela esan eta sexuak are tabuago bilakatzen ahal zituzten.
Baina sexuek gure identitateen eraikuntzan duten garrantziaz jabeturik, aniztasunaren eta parekidetasunaren alde egitea erabaki zuten.
Zorionak Chrisallis, gure arteko desberdintasunak onartuta, aukera berdintasunaren alde lan egiteagatik.