Azaroaren 25a heldu zen eta kale, instituzio eta sare sozialetan emakumeon kontrako indarkeria
salatu genuen.
Emakumeon kontrako indarkeria eta indarkeria matxista.
Indarkeria domestikoa eta genero indarkeria.
Indarkeria sexista eta indarkeria heteropatriarkala.
Denak salatu genituen. Ala bakarra?
Entzun genituen diskurtsoetan erabilitako terminoen arabera, guztien kontra egin genuen.
Diskurtsoaren mamiari kasu eginez gero ordea, bakarraz ari ginela esango nuke, guztiak sinonimoak
balira bezala erabili baikenituen.
Nire ustez, ordea, sexismoa eta matxismoa ez dira sinonimoak, kontrakoa baizik. Eta ez batak ez
besteak ez dute soilik emakumeen kontra egiten, eta ez dira etxeko bizitza pribatura mugatzen.
Desira erotikoaren orientazio hegemonikoak ez du diskurtsoetan “heteropatriarkal” hitzak
bezainbesteko lekurik izan. Eta generoaz zer esan... martxa honetan, hemendik gutxira gure DNA
eta hormonak eraikuntza sozialak izango dira!
(Baina tira! Sexismoaren aldeko iritzia beste egun baterako utziko dut.)
Uler gaitezen, nik hemendik aurrera “matxista” hitza erabiliko dut.
Eta kontzeptuak argitzeko saiakera honetan, zer ote da indarkeria?
Azken urteotan, mugimendu feminista indarkeria matxista definitzen ibili da, adibide ugarirekin
gainera. Baina oraindik ez digu argitu indarkeriarik erabiltzen ez duen jarrera matxistarik existitzen
ote den.
Begirada batek min handia egin dezakeela uler dezaket. Baina begirada bat indarkeria ote den
zalantzak ditut. Mikromatxismoak jarrera matxista sutilak direla ulertzen dut, baina hortik
indarkeria direla esatera tartea dago.
Hau da, ez dut sinisten matxismoa eta indarkeria matxista gauza berdina direnik. Eta hortaz, ez
nituzke sinonimo gisa erabili nahi.
Eta honekin ez nuke matxismoa zilegi egin nahi. Nigatik balitz, azaroaren 25a matxismoaren
kontrako nazioarteko egun izendatuko nuke, ez soilik emakumeon kontrako indarkeriaren aurkakoa.
Aldiz, indarkeria zer den eta zer ez den argitu beharko genukeela uste dut, martxa honetan, ligatzea
delitu izango delako