Joan den asteburuan, Atarrabiako Karrikaluze elkarteko begiraleok urteko plan guztiak bateratzeko elkartu ginen. Bileren arteko solasaldietan Opusen unibertsitateaz eta fedeaz eztabaidatzen hasi ginen. Ez genuela ulertzen fededunek zergatik sinisten zuten. Baina ez al gara gu ere zientziaren fededun? Ez al ditugu irakasleek azaldu zizkiguten azalpen zientifiko guztiak modu itsuan sinetsi? Ze ikerketa garatu dut nik uraren egitura molekularra bi hidrogeno eta oxigeno atomo batez osatuta dagoela jakiteko? Zientzia al da XXI.mendeko erlijio berria?
Garai batean Jaungoikoaren hitza sakratua zen moduan, gaur egun, zerbait sinesteko nahikoa dugu “zientifikoki frogatu dute” esaldia entzutea. Are gehiago, gaur egun, ideia berri bat egia absolutuaren pieza bihurtzeko, zientifikoki frogaturik egotea beharrezko zaigu.
Baina, zientifikoki frogatutako egia bakar objektiboarekin konformatzeko prest gaude?
Nik argi dut. Hamaika interpretazio subjektibori ateak zabaltzen dizkion mundu ikuskera artistikoa nahiago dut. Hidrogeno eta oxigeno atomoen irudikapen esferikoz betetako arbelei begira baino, munduaz eta nire buruaz gehiago ikasi baitut putzu ilunetan murgilduz.